Idoia Gutierrez prokuradoreari elkarrizketa: Euskalduna naizelako hasi nintzen prokuradore lanetan

Idoia Gutierrez prokuradoreari elkarrizketa: Euskalduna naizelako hasi nintzen prokuradore lanetan
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2014-07-22 Auzia Euskaraz!
Mungiako prokuradore euskalduna da gaurko protagonista, Idoia Gutierrez. Ikastolatik Deustuko unibertsitatera pasa zenean egin zuen topo parez pare gaztelaniarekin. Zuzenbide ekonomikoa ikasi zuen 90eko hamarkadan eta garai hartan hiruzpalau ikasgai baino ezin izan zituen euskaraz egin. Berak dio prokuradorea dela, euskalduna delako. Abokatua zen lagun batek gomendatu zion prokuradore lanetan hasteko, prokuradore euskaldunak behar baitzituzten.
1. Erabiltzen da euskara zuzenbideko profesionalen artean (dokumentuetan, ahozkoan.)? Eta zehazki, prokuradoreen artean?
Nire pertzepzioa da harreman pertsonaletan gehiago erabiltzen dela beste arloetan baino. Orokorrean, gaztelania erabiltzen da "ofizialki", baina euskaldunon artean, gure arteko elkarrizketetan, nahikotxo erabiltzen dugula esango nuke. Prokuradore gazte euskaldunak gero eta gehiago izateak ere badu eragina, noski. Lehen oso gutxi ginen euskaraz jarduten genuenak epaitegian eta orain arruntagoa da euskara entzutea. Gaur egun orain dela 15 urte baino "normalagotzat" hartzen da. Azken 15 urteetan erabilera areagotu dela ezin da ukatu, eta horrez gain, jarreran ere aldaketak eman dira. Lehen gaizki ikusia zegoen epaitegian euskaraz hitz egitea eta hori aldatu egin da. Oraindik ere asko dago egiteko, prokuradoreen bazkuneko web orria bera, gure aplikazioak. gaztelania hutsean baitaude. Baliabide asko Madriletik datoz, Prokuradoreen Kontseilutik eta horrek asko baldintzatzen gaitu.
2. Horiek Justizia Administrazioarekiko dituzten harremanetan?
Nik idazkari euskaldunekin euskaraz egiten dut. Identifikatuta daukat nork dakien eta nork ez. Langileak, aldiz, ez ditut horrenbeste ezagutzen eta zailagoa egiten zait. Dena den, lehenengo hitza euskaraz ateratzen zait eta euskaraz ikasten ari direla dakidanekin ere saiatzen naiz.
3. Justizia Administrazioko langileen % 37k daukate egiaztatuta hizkuntza eskakizuna. Epaitegietan, egunerokoan, erabileran islatzen al da hori? Aldea al dago ezagutza eta erabileraren artean?
Langileen laurdenak baino gehiago euskaraz badakiela ez da sumatzen. Batez ere, Bilbo eta Barakaldoko epaitegietan egoten naiz eta esango nuke epaitegi horietako ezagutza baxuagoa dela. Batez bestekoa hori izan arren, bi epaitegi hauetan jende gutxiagok dakiela uste dut.
Epaitegi batetik bestera egoera soziolinguistikoa asko aldatzen dela ere kontuan izan behar dugu. Gernikako langile batzuekin telefonoz hitz egitea tokatu izan zaidanean, han bestelako sentsazioa eman izan dit, euskaraz gehiago egiten dutela hemen baino.
4. Prokuradoreen artean ba al dago euskararen normalizazioaren inguruko kezkarik? Bizkaiko elkargoan Euskara Batzordea izan zenuten, ezta?
Prokuradore batzuen artean kezka konpartitzen da, bai. Bazkun mailan, aldiz, ez. Norbanakoen artean geratzen da. Badira euskara ikasten ari diren lankide batzuk ere, baina gaur egun ez gaude antolatuta. Kolegiatu nintzenean bazegoen Euskara Batzordea, baina orain dela urte batzuk biltzeari utzi zioten.
5. Zer beharko zenukete prokuradoreek zuen lanean euskara gehiago erabiltzeko?
Ez dut zalantzarik gure Bazkunaren laguntza izango bagenu gauzak askoz errazagoak izango liratekeela. Horrek baliabideak izatea erraztuko lukeelako (aplikazioak.). Bestalde, justizian euskara normalizatzeko prozesuan prokuradoreak beste operadore juridiko bat bezala kontuan hartzea, arrakasta bat da guretzat. Askotan ahaztuta uzten gaituzte-eta.