Joan edukira
Aukia euskaraz
  • Facebook
  • Twitter
  • Youtube

Justiziako euskarazko Itzulpen Zerbitzuko 2013ko datuak

Justiziako euskarazko Itzulpen Zerbitzuko 2013ko datuak

Justiziako euskarazko Itzulpen Zerbitzuko 2013ko datuak

egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi), 

2014-04-30 Auzia Euskaraz!


EAEko euskarazko itzulpengintza eta interpretazio zerbitzuak 2013. urteko datuen berri eman zuen  www.justizia.net webgunean Aste Santu aurretik. Datuok aztertu ondoren, zenbait galdera egin dizkiogu Jon Sayagori, itzulpengintza eta interpretazio zerbitzuko koordinatzaileari.

Honako hauek esan dizkigu besteak beste:

  • "[Interpretazio zerbitzua erabiltzen duten] hiru profil daude nagusiki: gazteleraz moldatzeko zailtasunak dituztenak (gehienbat adineko pertsonak); bizitza oro har euskaraz egiten dutenak edo euskaraz egin nahi eta aldarrikatzen dutenak, eta adingabeak"
  • "Gure eskarmentuaren arabera, itzulpen eskaeren norabidea askoz gehiago da euskaratik erdararakoa erdaratik euskararakoa baino"
  • "(.) fenomeno hori [euskaraz jakin arren gaztelaniaz aritzea] areagotu egiten da herritarrak hizkuntza instantzia judizialetan erabili behar duenean"

Elkarrizketa osoa hemen irakurri dezakezu .



1.    2013an, 1.180 aldiz aritu zen organo judizialen itzulpengintza- eta interpretazio-zerbitzua. Alegia, aurreko urtean baino % 14,8 gehiago. Zerk eragin du gorakada hori, zure ustez?

Itzulpenen kopuruan gorabeherak izaten dira, gerta daiteke urte batean  epaitegietako prozeduretan zuzenean (norbanakoak, udalak.) edo zeharka (ikastetxeak edo gizarte zerbitzuak adibidez) inplikatuta daudenen artean euskara erabiltzen dutenak gehiago edo gutxiago izatea, eta hori ezin da aurreikusi, eurek erabiltzen duten hizkuntzaren arabera dagoelako. Horretaz gain, justizia barruko hainbat organok memoriak elebitan jartzea erabaki dute. Hortaz, beharbada hainbat arrazoi gertatu ziren batera iaz: euskaraz lan egiten duten udal, mankomunitate, elkarte eta enpresen eragina; herritarren salaketa asko euskaraz izatea (udaltzaingoetako agiriak), justizia barruko memoriak elebitan jartzea.

2.    Interpretazio zerbitzua Gipuzkoako organo judizialetan erabili zen gehien -EAEn emandako zerbitzuen erdia baino gehiago-.  Zein da erabiltzaileen profila?

Nagusiki hiru profil daude: gazteleraz moldatzeko zailtasunak dituztenak (gehienbat adineko pertsonak); bizitza oro har euskaraz egiten dutenak edo euskaraz egin nahi eta aldarrikatzen dutenak, eta adingabeak.

3.    Zer esan dezakezu itzulpenen norabideari -euskaratik gaztelaniara edo gaztelaniatik  euskarara- buruz?

Gure eskarmentuaren arabera, itzulpen eskaeren norabidea askoz gehiago da euskaratik erdararakoa erdaratik euskararakoa baino. Eta hori ondorengo arrazoiarengatik: itzultzailearen beharra sortzen da euskaraz funtzionatzen duen herritarra edo erakundea organo judizialekin harremanetan jartzen denean, eta alderantzizko norabidea sortzen da organo judizial hauek aurrekoei euren hizkuntza ofizialean erantzuten dienean. Beraz, gorago esan dudan bezala, joera horrela mantentzen da aurten ere: gehiago itzultzen dugu euskaratik erdarara erdaratik euskarara baino, eta gainera agiri zabalagoak izaten dira euskarazkoak erdarazkoak baino, udalen espediente ezberdinak, demanda idazkiak edo demandari erantzuteko idazkiak luzeagoak direlako epaitegien komunikazio egintzak, jakinarazpenak, autoak eta eginbideak baino.

4.    Araba nahiko atzetik doa zerbitzu honen erabileran. Zein izan da azken urteetako bilakaera?

Euskaldunen kopurua nabarmen igo da Araban, baina oraindik ez da aldaketa hori erabileran ikusi. Hortaz, eta arrazoi soziolinguistikoetan sartu gabe, kontuan hartzen badugu euskararen erabilera termino orokorretan atzean gelditzen dela ezaguerarekin alderatuta, fenomeno hori areagotu egiten da herritarrak hizkuntza instantzia judizialetan erabili behar duenean. Hau da Araban 2001etik 2013ra izandako garapena, kontuan hartuta idatzizko parte hartzeak eta ahozkoak: 


Partekatzea