Joan edukira
Aukia euskaraz
  • Facebook
  • Twitter
  • Youtube

Abokatu izateko azterketa gaztelaniaz soilik egitea babestu du Auzitegi Nazionalak

Abokatu izateko azterketa gaztelaniaz soilik egitea babestu du Auzitegi Nazionalak

Abokatu izateko azterketa gaztelaniaz soilik egitea babestu du Auzitegi Nazionalak

egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi), 

2015-06-01 Auzia Euskaraz!

Rafael Catalá Justiziako ministroak azkenean onartu egin du azterketak autonomia erkidegoetan egitea, baina azterketa gaztelaniaz izango da guztientzat.

Abokatu izateko azterketak gaztelaniaz soilik izatea onartu du Auzitegi Nazionalak, izan ere, auzitegiaren aburuz horrek katalana, euskara eta  galegoa erabili ezin duten "ikasleei ez die kalterik eragiten" eta proportzionaltasun irizpideak hartu ditu ahotan.

Hori azaldu zuen Societat Catalana d'Estudis Jurídics elkarteko presidenteak, Josep Cruanyes-ek, Bartzelonako Abokatuen Elkargoko dekano Oriol Rusca-rekin eta Joandomènec Ros Institut d'Estudis Catalans erakundeko presidentearekin batera joan den ostiralean egindako prentsaurreko batean.

Kataluniako Abokatutzako Batzordeak, Kataluniako abokatuen hamalau elkargoak biltzen dituenak, errekurtsoa aurkeztu zuen azterketa soilik gaztelaniaz izatearen aurka, bai eta ikasle guztiek Madrilera joan behar izatearen kontra ere. Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salak martxoan emandako epaiak errekurtso horri erantzuten dio.

Rafael Catalá Justiziako ministroak onartu du azkenean azterketak autonomia erkidegoetan egitea aurten, baina azterketa gaztelaniaz izango da guztientzat. Rusca-k esan zuen, Kataluniako abokatuen hamalau elkargoen izenean, "harridura eta haserrea" sortu diola erabakiak. Azterketa datorren larunbatean egingo da. Rusca-ren ustez hizkuntza aukeratzea "ikasleen askatasunari dagokion kontua da" eta harrigarria iruditu zaio Catalá-k ez onartzea azterketa euskaraz, katalanez eta galegoz egiteko aukera, izan ere, prentsaurrekoan esandakoaren arabera, ministroa pertsona azkarra eta zentzuduna iruditzen zaio eta harreman ona omen dute.

Cruanyes-ek diskriminazioa ikusten du erabaki horretan, bere ustez legea urratzen du eta ikasleen eskubideak mugatzen; horrez gainera, uste du "katalana Justizian zokoratzeko" borondatearekin bat datorrela.

Ildo beretik Ros-ek nahigabea adierazi zuen, azterketa Bartzelonan egitea lortu ondoren, ikasleek katalana, "Konstituzioan hizkuntza ofizial gisa aitortutik"  egonda, erabili ezin izateagatik.

Partekatzea