Joan edukira
Aukia euskaraz
  • Facebook
  • Twitter
  • Youtube

"Con la venia de su señoría"

"Con la venia de su señoría"

"Con la venia de su señoría"

egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi), 

2015-06-19 Auzia Euskaraz!

Kataluniako Abokatuen Kontseiluko presidente Abel Piéren iritzi artikulua, ekainaren 4an Ara egunkarian argitaratua.

Artikulu honen izenburuko esapidea, abokatu askok epaileari hitz egiteko erabiltzen dutena, giltza da honako hau ulertzeko: zergatik den estatuaren betebeharra abokatu izateko azterketa gaztelaniaz egitea Katalunian. Gaztelaniazko "venia" honela dago definiturik: mendeko bati ematen zaion baimena. Bada, hori da gobernu espainolaren jarrera, azterketa egiteaz arduratzen denaren jarrera. alegia: "Nik ematen dut lizentzia, ergo nik inposatzen dut hizkuntza".

Jarrera horrek erakusten du Espainiako estatuak ez duela elebitasunean sinesten eta hizkuntza katalana folklore kontua iruditzen zaiola, eremu juridikoan edo zientifikoan erabiltzeko desegokia. Abokatu izateko azterketa, pasa den larunbatean Bartzelonan egin zena, da horren froga.

Iaz eskatu genuen azterketa katalanez egin ahal izatea. Ikasle katalanentzat, , Zuzenbidea katalanez ikasi dutenentzat, abokatu izateko masterra katalanez egin dutenentzat, katalanez bizi direnentzat, horientzat eskatu genuen azterketa katalanez egin ahal izatea. Ez zuten ulertu. Agian zaila izango da ulertzeko. Edo agian ulertu zuten, bi aukerak dira posible. Ziurtatzen dizuet Kataluniako Abokatuen Kontseilutik Madrilera bidali genuen eskaera gaztelaniaz eta edukazio onez idatzi genuela.

Kataluniako abokatuen hamalau elkargook egiten dugun eskaera hau eskaera legala da. Elkargoen -Zuzenbide arloaz zerbait badakite- eskaera erabat legala zen, baina baita naturala eta logikoa ere.  Ez da eskaera bidegabe bat, eskubide bat da. Katalanez bizi bagara eta eskubidea badugu hura erabiltzeko, Katalunian katalana hizkuntza ofiziala delako, abokatugaiek azterketa katalanez egin ahal izateko eskubidea ere badugu. Egiten dugun eskaera hain da logikoa, legala eta naturala, ze Espainiako Abokatuen Kontseilu Nagusiak erabateko sostengu publikoa eman zigun  azterketa egin aurreko ostegunean..

Ikasleak ebaluatu zituen batzordea -Nik neuk maiatzaren 30ean batzorde horretan parte hartu nuen- gai izan zen abokatugaiek egin behar izan zuten azterketa mota ebaluatzeko. Azterketa ez genuen lehenago ikusi. Goizeko 10:00ak baino pixka bat lehenago banatu zuten, azterketa une horretan hasi zen eta arratsaldeko ordu biak arte iraun zuen. Tentsio eta nerbioz betetako lau ordu etorkizuneko abokatuentzat. Kasu praktikoetan oinarritutako 75 galdera erantzun behar izan zituzten lau erantzun artean aukeratuz. Galdera zuzen bakoitzagatik puntu bat eta akats bakoitzak 0,33 puntu kentzen zituen.

A priori, azterketaren edukia irakurri gabe, ebaluazio batzordekoon iritziz nahikoa denbora eman zen galdera bakoitza erantzuteko. Baina ebaluazio batzordeko kideok edukia irakurri genuenean gure pertzepzioa aldatu egin zen. Galdera motzak eta galdera luzeak. Erantzun motzak eta erantzun luzeak. Dena nahasita. Modu konplexuan adierazita. Erantzun landuak eta sinesgarriak. Beharrezkoa zen arretaz irakurtzea, distrakziorik gabe eta oso kontzentraturik.

Gaztelaniaz soilik zegoen azterketa hura zela-eta kexa formal bat jarri nuen eta batzordeko aktan jasota gelditu zen. Kexa bi hizkuntzatan idatzi zen. Ezkerreko zutabea gaztelaniaz zegoen eta eskuinekoa katalanez. Ezin esan ez zutenik ulertu. Guk errespetatzen dugu elebitasuna, guk bai. Eskubide bat da. Eta guk errespetatzen ditugu eskubideak, guk bai. Gaztelaniaz egitera behartzen gaituzte; eta Madrileko zentralismoaren esku egongo balitz, abokatu izan nahi duten neska eta mutilak gaztelaniaz egitera behartuko lituzkete, ez soilik abokatu izateko azterketa, baizik eta lehen hezkuntza, bigarrena, batxilergoa eta unibertsitatea.

Azterketak "berdina izan behar duela guztiontzat", hori da erabiltzen duten argumentua, hizkuntzak galdera baten erantzuna aldatuko balu bezala. Eta Kataluniako Abokatuen Kontseiluak iaz aurkeztutako errekurtso bati erantzunez Auzitegia Nazionalak emandako epai bat baliatzen dute -Iaz azterketa Madrilen egin zen eta soilik gaztelaniaz-. Epaiak esaten zuen titulua eskuratzeak "Espainiako lurralde osoan abokatu gisa jarduteko ahalmena" ematen duela eta "azterketa soilik gaztelaniaz egiteak ez dituela kaltetzen interes orokorrak ez hirugarrenen interesak".

Haien iritziz, gaztelaniak ez du izan behar eskolako komunikazio hizkuntza, hizkuntza bakarra izan behar du. Horrek guztiak hizkuntza katalanarekiko erakusten duen mespretxuak berresten du hizkuntzaren instrumentalizazioa ez dela egiten Kataluniatik, Madrileko miopiatik baizik.

Irakurri jatorrizko artikulua katalanez.
Partekatzea