Joan edukira
Aukia euskaraz
  • Facebook
  • Twitter
  • Youtube

"EUSKALDUNTZE-BIDEA(N)" Eider Barrenetxearen iritzi artikulua

"EUSKALDUNTZE-BIDEA(N)" Eider Barrenetxearen iritzi artikulua

"EUSKALDUNTZE-BIDEA(N)" Eider Barrenetxearen iritzi artikulua

egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi), 

2015-04-09 Auzia Euskaraz

Eider Barrenetxea abokatua eta Deustuko Zuzenbideko irakaslea da. Auzia Euskaraz blogerako euskara eta legediari buruzko gogoeta artikulua idatzi du. 

Epaile, fiskal eta idazkariek euskara ezagutzeko betekizuna izatea ezinbestekotzat jotzen du justizian euskararen erabilera normalizatzeko. Horretarako dagoen borondatea eta hizkuntza eskubideen defentsa parez pare jartzen ditu, konstituziotik hasi eta norberaren hautura jauzia eginez.

Hemen duzue artikulu osoa:

                                                         EUSKALDUNTZE-BIDEA(N)


Sarean ibilalditxoa egitean, euskararen egoeraren inguruko 2013. urteko ikerketa-lana topatu dut. Bertan, bi "hipotesi sendo" atera zituen eusko jaurlaritzak (1) :
  • *1. Benetako arriskua dago, egungo gizarte-elebitasun desorekatuaren egoerak euskara bazterrean eta atzera bueltarik gabe uztea, urteen poderioz.
  • 2. Errealitatean ez dira inondik ere betetzen eskubide linguistikoak bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak, indarrean dagoen araudian aurreikusten badira ere, (.)".

Euskara eta legea, legea eta euskara, berriz ere. Gaiari heldu eta haritik tiratzea erabaki dut.

Euskaldunok euskaraz bizi nahi dugu justizia-sistema. Sistema hori eraikitzeko bideak hamaika izan daitezke eta gaurkoan bide horretako pausu bakarrari erreparatuko diot: epaile, idazkari eta fiskalei oposaketetan hizkuntza eskakizuna galdatzean, hain zuzen ere.  

Jakina da epaile edota ministerio fiskaleko kide izateko oposaketak gainditu eta langile publikoaren plaza atera beharra dagoela; plaza horiek arautu eta kudeatzeko eskumena espainiar estatuarena da eta horren zentralizaziorako joerak ekarri du oposaketetan euskara meritu huts gisa baloratzea, eta ez, ordea, bete beharreko eskakizuna izatea.

Konstituzioaren hirugarren artikuluaren arabera espainiar guztiek dute gaztelania jakiteko betebeharra; eta gainerako hizkuntza ofizialak ezagutzeko eskubidea. Hizkuntzen arteko mailakatzea aurreikuste hutsak dakar hizkuntzen trataera ezberdina, eta gure kasuan, desabantailez jositako trataera. Bestela izan zitekeen borondaterik balego baina.

Egungo politikagintzak ez du onartu justizia-oposaketetan hizkuntza ofizialak betekizun izatea (2013. urtean CIUk katalanaren inguruan egindako proposamena baztertu zuen alderdi popularrak gehiengo absolutua baliatuz eta geroztik ez da etorkizun hoberik aurreikusten). Dagoenak aukerarik ematen ez duenean bestelako bideak aztertzea izaten da alternatiba: posible al da justizia eskuduntza bereganatzea?   Eskuduntzarik zentralizatuenetakoa dela kontuan hartuz, horren kontrola utzi edota ematea ez dirudi hurbil dagoenik. Ez da hain burutazio zoroa, ordea, politikariek aurreiritzi eta beldurrak gaindituko balituzte eta, batez ere, zuzenbidezko estatu erreal baten sinistuko balute.

Gehiegi eskatzea omen. Politikari gehienek justizia kontrolpean izan nahi dute euren botere-kuota iraunarazteko. Baina "justizia politikoaz" gain, "justizia soziala" ere bada (utzidazue oraingoan behintzat horien arteko ezberdintasun fiktizioa egiten). Politikoa Madrilen egiten den bitartean, justizia soziala etxe ondoko epaile eta fiskal "ezezagunek" egiten dute, herritar arruntak abiapuntu, Justizia helburu dutelarik (salbuespenak, salbuespen). Sistemak kudeatzen dituen kasuen %90a?

Euskararen erabilera behera doan bitartean ezagutza mailak goraka jarraitzen du EAEan eta Nafarroan. Hamarkada gutxian EAEn lan egiteko adinean egongo den gizon-emakumeen %80a edo euskaldun gai izan beharko litzateke. Euskal-epaile, fiskal- eta idazkariek- bakarrik bermatu ahalko badituzte euskal hiztunen eskubideak horiek aukeratzea oinarri-oinarrizkoa da.

Euskara betekizun izatea mehatxu gisa ikusten dute euskara ez dakiten batzuek. Madril edo Sevillatik hemengo plazei eutsi nahi dietenek kontrako jarrera ager dezakete. Errealitateak erakusten du, halere, epe ertainera bertako plazak inguruko legelariek betetzen dituztela eta kanpotik etorritakoek euren jaioterrietara bueltatu nahi izaten dutela; joera naturala da, antza. Beraz, gutxi horien eskakizunei erantzuteko euskarari uko egiteak zentzurik ez duela azpimarratuko nuke. Ez, ez da hori benetako arrazoia.

Aipatu logikaz haratago, politikarekin lotuta dago oposaketetan euskara betekizun gisa ez ezartzeko jarrera. Nire iritziz, borondate politikoa da gakoa.

Martxoaren hasieran Bartzelonako futbol taldearen presidente ohia den Laporta jauna, Kataluniako epaitegietara deitua, ahalegindu zen epaile aurreko aitortza bere hizkuntzan egiten. Eta bere burugogorkeriari esker edo lortu ere lortu zuen. Ez, ordea, hizkuntza bera ulertu eta hitz egiten zuen epailearen errieta jaso gabe. Deigarria egiten zait holakoetan eskubideen bermatzaile izendatu dituzten horien jarrerarekin ere estropezu egin behar izatea; hori bai, dena arintasun, prozesu-merketze eta eraginkortasunaren izenean. Hurrengo gogoeta ere egin dut; Laporta moduko pertsona ospetsuentzat bere eskubideen defentsa egitea tira-bira publiko bihurtzen denean, zer espero behar  du  herritar xumeak?

Euskalgintzak aspaldi aitortu du (beste hainbeste mugimendu sozialek euren arloan egin duten bezala) legea ez dela nahikoa eskubideen errespetua bermatzeko. Baina bada lehen urratsa. Berma dezagun lanpostu publikoetan diharduten legelariek legez euskara jakitea. Eta egin  dezagun erregu (ala otoitz) ezagutza horrek euskararekiko maitasuna ekar dezan. Ezagutzen duguna bakarrik maita badezakegu, zenbat eta gehiago ezagutu gure hizkuntz zaharra maitatzeko aukerak ere handitu egiten baitira.

Maitasun istorioek maitaleak dituzte protagonista eta gure esparruan, amorante bik esku hartu beharko lukete euskarak etorkizunik izan behar badu; batetik, eusko jaurlaritzak eta, bestetik, euskaldunok.

Eusko jaurlaritzari dagokio baliabideak ematea; orain arte egin bezala diagnosia egitea, ikastaroak diruz laguntzea, euskararen aldeko kanpainiak egitea, etab. Kontzientzia eta lan pedagogikoa ere ezin ditugu ahaztu; gizartea hizkuntza-eskubideen garrantziaz kontzientziatu behar dugu. Europako hizkuntzarik zaharrena darabilgu mihian eta horrek eduki beharko luke altxor arkeologiko bat darabilgunaren kontzientzia (handiagoa). Erabakitzeko euskal esparruak zentzua galduko bailuke euskararik gabe.

Lehen aipatu ikerketak ondorioztatu bezala beharrezkoa da euskararen aldeko baldintzak sustatzea, eta besteak beste "Biztanleria osoari bermatzea hizkuntza bat edo bestearen hautua askatasun osoz egiteko ahalmena -harreman pertsonaletan, sozialetan zein profesionaletan-, mota ezberdinetako hizkuntzarengatiko diskriminazio egoerak ekidinez" "Modu horretan, bizikidetza harmoniatsu batetarako oztopoak gainditzeko baldintzak indartuko bailirateke, gizartearen gehiengoarentzat"(2) .

Herritarrok ere badugu zeregina. Euskararen erabilera da gure erronka. Epaitegi eta auzitegiak euskaraz egindako milaka eskaeraz gainezka daudenean, orduan emango baitio erantzuna -ezinbestean- legegileak. Legegileak botoen truk edo presioaren presioz soilik emango du aurrera pausua. Gure esku dago egun hori gero eta hurbilago egotea.

Ez, ez da egun batetik bestera lortzen den garaipena. Eta ez, ez dut tarte honetan ezer berririk esan; hainbestetan entzun duguna errepikatu baino ez dut egin.eta hala ere, errepikatzea beharrezko dugula iruditzen zait. Esan eta entzundakoa sinisteko edo.

-----------------------------------
1)  Eusko Jaurlaritzak 2013an argitaratutako "Euskara EAEn: gaitasuna, erabilera eta iritzia. Azterketa eta gogoetak", 77. orria (Iñaki Martínez de Lunak idatzia), honako helbidean irakurgai: http://www.euskara.euskadi.eus/contenidos/informacion/  argitalpenak/eu_6092/adjuntos/Euskara%20EAEn.pdf.

2)  Iñaki Martínez de Luna, 78. orria.

Partekatzea