Joan edukira
Aukia euskaraz
  • Facebook
  • Twitter
  • Youtube

Euskararen ofizialtasuna baliozkoagoa

Euskararen ofizialtasuna baliozkoagoa

Euskararen ofizialtasuna baliozkoagoa

egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi), 

2015-03-30 Auzia Euskaraz!

Gogoan izango dituzue azken aldian Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkariak, Gipuzkoako hainbat udalen kontra epaitegietan hasitako auzibideak. Joan den astean epaia kaleratu zen udal horietako baten kontrako auzian, hain zuzen, Irurako Udalaren aurka abiarazitakoan, eta epaileak udalari eman dio arrazoia.

Gipuzkoako hainbat udalek Espainiak EAEn duen Gobernu Ordezkaritzara euskara hutsez bidaltzen dituzte aktak. Gaztelaniarako itzulpenik gabe bidalitako akta horiek jaso gabekotzat jo zituen gobernu ordezkariak, eta horregatik, Estatuko abokatutzak, Carlos Urkijo Espainiako gobernu ordezkariaren izenean, auzitegietara jo zuen. Orain Donostiako Administrazioarekiko auzien 3 zenbakiko epaitegiak arrazoia eman dio Irurako Udalari.

Gernikako Autonomia Estatutua eta Euskararen Legea hartu ditu oinarri epaileak epaia emateko garaian. EAEn euskara ofiziala izanik udaletatik hizkuntza horretan bidaltzen diren idatziak ez onartzea "hizkuntzaren ofizialtasunari aitortzarik ez egitea da", epaian esaten denez, eta epaileak ez du «zentzuzkotzat» jo euskarazko aktak onartu ez izana. Epaia irmoa da eta ikusi egin behar gainerako auzietan zer eragin duen.

EAEn bi hizkuntza ofizial ditugu eta bata zein bestea erabil daiteke zilegitasun osoz. Epaitegietan ere bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu daiteke dokumentazioa. Gaur egun, euskaraz jasotako dokumentazio hori, edo horren zati handi-handiena, epaitegietako itzulpen zerbitzuaren bidez itzultzen da gaztelaniara. Auzia Euskaraz proiektuaren erronka handietako bat da, hain justu, epaile euskalduna duten epaitegietan itzulpen-lan hori ez egitea eta euskarazko dokumentu horiekin lan egitea. Oraindik urrun gaude helburu hori lortzetik, baina ari gara bitartekoak jartzen: lantalde elebidunak sortzen, lana euskaraz egiteko trenak informatikoak zabaltzen, epaile euskaldunak identifikatzen.


Iturriak:
www.berria.eus
www.ataria.info

Partekatzea