Joan edukira
Aukia euskaraz
  • Facebook
  • Twitter
  • Youtube

"Poliziaren fitxategietan gordetzen diren datu pertsonalak ezabatzea" Elena Lakaren iritzi artikulua

"Poliziaren fitxategietan gordetzen diren datu pertsonalak ezabatzea" Elena Lakaren iritzi artikulua

"Poliziaren fitxategietan gordetzen diren datu pertsonalak ezabatzea" Elena Lakaren iritzi artikulua

egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi), 

2015-05-15 Auzia Euskaraz (Elena Laka)!

1999an onartu zen egungo Datuen Babeserako Legea eta horren bidez aldaketa asko etorri ziren datu pertsonalak gorde eta erabiltzearen inguruan. Elena Laka abokatuak gai hori jarri du mahai gainean gure blogerako idatzi duen artikulu honetan.

Zer gertatzen da poliziaren fitxategi batean ikerketa baterako beharrezkoak ez diren datu pertsonalk gordetzen direnean? Badago datu horiek ezbatzeko eskatzerik?

Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoak, 1999ko abenduaren 13koak, 22. 3 artikuluak dio:

"Polizia-xedeekin erregistratutako izaera pertsonaleko datuak ezereztu egingo dira, datu horiek beharrezkoak ez direnean halakoak biltegiratzea arrazoitu zuten ikerketa egiteko."

Demagun herrian istilu batzuk izan direla (izan apurketa, irainak, lesioak...) eta, poliziak istilu inguruan zebiltzan hamabi morroiri datuak hartu diezkiela. Demagun poliziaren txostenean hamabi morroi horien datu guztiak azaltzen direla istilu-egile balizko moduan. Demagun poliziak ikerketa egin ondoren, zantzuak daudela ondorioztatzeko bi lagun baino ez direla delitugileak. Demagun gainerako hamar pertsonak ikusten dutela prozedurak ez duela aurrera egiten beraiei dagokienez.
Hamar horiek euren datuak fitxategi polizialetan egoteari etsi egin behar ote diote?

Antzeko zerbait gertatu zen duela hilabete batzuk Gipuzkoako udalerri batean. Aldagai batekin: morroiak adingabeak ziren. Polizia, udaltzaingoa.



Dozena bat inguru gazte adingabeen datu pertsonal ugari udaltzaingoaren bi txostenetan jaso ziren. Txosten bietako batean, ebatzi zen egiletza bi gazteen ardura zela. Beste txostenean, udaltzaingoa ez zen egiletza argitzera iritxi. Egile gertatu ez zen gazte horietako baten gurasoek Udalari eskatu zioten bere oinordekoaren datuak kentzeko poliziaren fitxategitik. Udalak, ezetz, argudiatuz datuak administrazio espediente baten zati zirela, espedientearen datuak ez zirela publiko egingo, eta adingabea arrisku egoeran egon zitekeela.

Gurasoek Datuak Babesteko Euskal Bulegora jo zuten laguntza eske. Prozedurari jarraitu ostean, DBEBk ebatzi zuen gurasoen eskaerari jaramon egitea, eta ondorioz, Udalari eskatzea adingabearen datuak polizia txostenetik kentzea.

Argudiatu zuen DBEBk: "Datu Pertsonala babesteko Lege Organikoak eta legea garatzen duen araudiak pertsona fisikoen datuak babesteko oinarrizko eskubidea arautzen dute, hau da, pertsonei aitortzen zaie euren datuak erabiltzeko eskubidea, euren baimenik gabe inork ez ditzan tratatu edo laga, eta legez aurreikusitako salbuesepenetatik babestuz".

Agentzia, beraz, ez zen bat etorri Udalak emandako arrazoiekin. Berdin dio datu horiek administrazio prozedura baten zati izateak, horrek ez baitu esan nahi legearen arabera ezin direla ezeztatu. Berdin dio, halaber, Udalaren arrazonamenduak, datuak publiko egingo ez direla, gauza bat baita datuak tratatzea, eta beste gauza bat datuak zabaltzea. Kasu honetan, legeak ezabatzeko aukera aurreikusten badu, Udalak ezin du datu horien tratamendua egin, kitto, gutxiago zabaldu.

Agentziaren ebazpena ez da loteslea erakundeekiko, baina kasu honetan, Udalak men egitea erabaki zuen, eta adingabearen datuak ezabatu egin zituen poliziaren fitxategitik.
Partekatzea