Joan edukira
Aukia euskaraz
  • Facebook
  • Twitter
  • Youtube

Udaltop: Eduardo Santos eta Laura Perez Nafarroan euskarak bizi duen egoeraz

Udaltop: Eduardo Santos eta Laura Perez Nafarroan euskarak bizi duen egoeraz

Udaltop: Eduardo Santos eta Laura Perez Nafarroan euskarak bizi duen egoeraz

egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi), 

2015-06-11 Auzia Euskaraz!

Udaltop jardunaldietan Eduardo Santos abokatuak eta Laura Perezek, Nafarroa Ahal dugu alderdiko idazkari nagusiak, hartu zuten parte. Lehenak Nafarroako Justizia Administrazioan euskarak duen lekuaren eta bertan euskaldunei aitortzen zaizkien hizkuntza eskubideen berri eman zuen eta bigarrena Nafarroa Ahal dugu alderdiak euskararen normalizazioaren eremuan egiten dituen proposamenak azaldu zizkien bertaratuei.

Sarrera honetan bakoitzak esandakoen bi aipu jaso ditugu, eta nahi izanez gero, haien hitzaldien laburpenak ere egin ditugu beherago, interesgarria izango zaizuelakoan.

Eduardo Santos
  • Antolaketa konplexua izanik, jendeak azkenean ez daki zein diren bere eskubideak
  • Atxilotuek badute itzultzailea izateko eskubidea, baina soilik atzerritarren kasuan
Laura Perez
  • Zonifikazioaren eraginez, 1. eta 2. mailako nafarrak dauzkagu
  • Kontseiluaren proposamenetan oinarritu gara gure programa osatzeko

Eduardo Santosen eta Laura Perezen hitzaldien bideoa

Eduardo Santos

Justizia Madriletik antolatzen da, hala dago jasota konstituzioan. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan jasotzen da epaileentzat merezimendua izan daitekeela Nafarroako lanpostuak eskuratzeko bertako foru zuzenbide berezia ezagutzea. Euskararekin gauza bera egin zitekeen, baina ez zen legean jaso. Nafarroako oposizioetan ez da eskatzen euskara. Gero plaza lortu ondoren merezimendu gisa balio du bai.

Epaile eta idazkariek oposaketa orokorretan hartzen dute parte eta horietan emaitza onenak ateratzen dituztenek betetzen dituzte lanpostuak, baita Nafarroakoak ere noski. Estatuak ez du zehazten erkidegoetako hizkuntzekin zer egin, hori erkidegoen esku uzten du.

Epaile euskaldunak egon badaude eta aukera izango lukete, nahiz eta prozedura guztia gaztelaniaz egin behar den, alderdi guztiak ados baleude, alderdiekin euskaraz aritzeko. Baina epaile euskaldunak ez daude identifikatuta ez dute adierazi nahi izaten euskaldunak direla ez dagoelako ongi ikusita.

Botere Judizialaren Lege Organikoan esaten da justizia arloan gaztelania erabiliko dela. Posible izango da hizkuntza koofizialetan aritzea, baina parte-hartzaile guztiek onartu behar dute. Indefentsioa sortzen bada euskaraz aritzeagatik, dena gaztelaniaz egingo da. Euskarazko idatziak onartzen dira herritarrek ez dituzte itzuli behar.

Prozedura Zibilaren Legean ere esaten da prozedura osoa gaztelaniaz izapidetuko dela. Hizkuntza koofizialetan egin ahalko da, baina muga batzuekin: gainerako alderdiek jakin behar dute edo itzultzaile bat erabili behar da.

Baldintza ekonomiko jakin batzuk betetzen dituzte herritarrek doako justizia eska dezakete eta eskubide batzuk bermatzen zaizkie. Eskubide horien artean ez da jasotzen itzultzailea edukitzearena. Atxilotuek badute itzultzailea izateko eskubidea, baina soilik atzerritarren kasuan. Prozedura Kriminalaren Legean dago jasota hori. Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa jarri zion atal horri eta eskubide hori, euskarazko itzultzailea edukitzea, aitortzea lortu zen. Euskaldun batzuk gaztelaniaz ondo moldatzen ez direla oinarri hartu eta defentsa izateko eskubidea gaztelania jakiteko betebeharraren gainetik jarri zen.

Nafarroan euskararen legeak lurraldea hiru eremu linguistikotan banatzen du eta eremu bakoitzean eskubide desberdinak ditugu. Justizia Administrazioa Iruñean dago zentralizatuta eta hiriburua eremu mistoan dago. Euskara ez da koofiziala eremu mistoan.

29/2003 Foru Dekretuak euskararen erabilera murrizten du. Zerbitzua euskaraz eman ahal izateko langileak kontratatuko direla esaten du, baina poliki-poliki egingo dela prozesua. Hartu duten neurri bakarra da euskara-gaztelania itzulpen zerbitzua antolatzea. Ez da aurreikusten jendeari arreta euskaraz ematea.

Inprimakien kasuan, euskarazkoak ere sortu ahalko dira, kasuan kasuko zuzendariaren nahiaren arabera, eta aparte egongo dira, hau da, gaztelaniadunek ez dituzte ikusiko euskarazkoak. Eta dena gaztelaniaz idatzi beharko da.

Antolaketa konplexua izanik, jendeak azkenean ez daki zein diren bere eskubideak. Euskaldunek ez dituzte ezagutzen eremu misto horren zerbitzu oroko horretan dagozkion eskubideak.

Iruñeko abokatuen elkargoa: kartelak elebidun daude, baina besterik ez. Kontuan hartu funtzio ofizialak betetzen dituela, elkargoa doako justiziaz arduratzen delako. Prokuradoreen elkargoan gauza bera. Ez dago abokatuen euskarazko txandarik.

Abokatu euskaldunak egon badaude, baian oso gutxitan erabiltzen dute. Pertsona bat 
epailea konbentzitu nahi badugu, eta pertsona hori erdalduna bada, euskaraz aritzen bagara harresi bat ari gara jartzen. Abokatuek ez dituzten euren interesak defendatzen, euren bezeroenak baizik. Euskara erabili izan denean, helburu aldarrikatzaileekin egin izan da, epaitegietan euskararen erabilera aldarrikatzeko.

Laura Perez
Justizian euskarak bizi duen bazterketa gizartean bizi duenaren isla besterik ez da. Zonifikazioaren eraginez, 1. eta 2. mailako nafarrak dauzkagu. Eremu erdaldunekoek ez dute euskaraz ikasteko eskubiderik, eta eremu mistokoek eskubidea eduki badaukate ere, gero ez dira beharrezko bitarteko guztiak jartzeko horretarako, adibidez, garraioa. Horrez gainera, herritarrak ezin zaizkio administrazioari euskaraz zuzendu.
Behekoak Nafarroa Ahal dugu alderdiak euskararen normalizazioaren alorrean egiten dituzten proposamenak -Kontseiluaren proposamenetan oinarritu dira-:

  • -    Euskararen erabilera normalizatu eta egunerokotasunean euskaraz bizitzeko aukera izatea ahalbidetu behar da
  • -    Euskarak zeharkako izaera du eta horregatik Nafarroako erakundeetan (sail eta esparru guztietan) normalizazioa lortu ahal izateko plangintzak egin beharko lirateke
  • -    Euskararen Lege berri bat sortu behar da, bitartean euskararen normalizazioa oztopatzen duten dekretuak indarrik gabe utzita, eta hezkuntza sistema publikoan euskaraz ikasteko aukera bermatu
  • -    Elebidun izateak dauzkan abantailak balioan jarri behar dira
  • -    Unibertsitate ikasketak, lanbide heziketa (praktikak euskaraz egiteko eskaintzen duten enpresei abantaila fiskalak aplikatu) euskaraz egiteko aukera eman behar da
  • -    Helduen euskalduntzea bultzatu behar da eta nahi duten guztiei euskarazko oinarrizko maila bat izateko aukera eman
  • -    Aisialdia euskaldundu behar da hizkuntza politika egoki baten bidez
  • -    Euskarazko kulturgintza eta arnasguneak babestu beharra dago
  • -    Euskarazko hedabideei ere diru-laguntza nahikoa eskaini behar zaie
  • -    Alor sozioekonomikoa euskalduntzea garrantzitsua da: publizitatea, produktuen etiketak, euskara planak enpresetan.

Partekatzea