Joan edukira
Aukia euskaraz
  • Facebook
  • Twitter
  • Youtube

Zigor kodearen erreforma

egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi), 

2015/06/25 Auzia Euskaraz!

Aurki sartuko da indarrean Zigor Kodearen Erreforma. Jakina da aldaketa asko ekarriko dituela eta gaur horri buruzko artikulu bat ekarri nahi izan dugu blogera. Artikulu hau Iuris Estudio Juridico bulegoaren blogetik atera dugu. Bilbon kokatutako abokatu bulego horretan gaurkotasuneko artikulu interesgarriak jartzen dituzte aldian-aldian haien blogean. Espero dugu baliogarria eta interesgarria izatea zuontzat.



ZIGOR KODEAREN ERREFORMA: AGUR FALTEI.
  
2015eko uztailaren 1ean Zigor Kodearen Erreforma indarrean sartuko da.
Eta zigor-arloko abokatu garenontzat ezinbestekoa izango da egunean jartzea eta jakitun izatea aldaketa asko (eta handiak) datozela. 
Horregatik erabaki dugu gaia zuokin lantzea eta azaltzea zein diren eremu horretan gertatuko diren aldaketa nagusiak.
Gaur Zigor Arloko Parte Orokorraren erreformatik hasiko gara, zehazki, Zigor Arloko III liburuaren indargabetzetik, hau da, falten desagerpenetik hasiko gara.

Faltak desagertuko dira


Erreformaren helburuak arlo horretan argia dirudi: portaera "larrienak" soilik zigortzea modu penalean. 

Hau da, epaitegietatik ateratzea auzi "hutsalenak" edo garrantzi gutxikoak, zigor arloko Zuzenbideko gutxieneko esku-hartzearen printzipioarekin bat eginda.

Orain arte faltatzat hartzen ziren ekintza batzuk zuzenean desagertu egingo dira Portaera larrienak soilik izapidetuko dira delitu gisa, esaterako: familia-betebeharren ez betetze larriak -Zigor Kodeko 226. artikuluaren eta hurrengoen bidez-, hitzarmen edo epaien ez betetze larriak/errepikatuak -desobedientzia delituari buruzko Zigor Kodeko 556. artikulua erreferentzia gisa hartuta- edo adingabeen abandonatze kasu larriak -Zigor Kodeko 195. artikulua, sorospen eginbeharra ez betetzea bezalako delituei buruzkoa, erreferentzia bezala hartuta-). Beste batzuk administrazio bidea jarraituko dute (batik bat, orain arte ordena publikoaren aurkako falta zirenak) eta beste batzuk delitu arin izatera pasako dira. 

Zer portaera pasako dira delitu arin izatera? 

Beste batzuen artean honako hauek:
·         Bere eginkizunetan diharduela agintaritzari errespetua eta begirunea galtzea.
·         Animaliei tratu txarrak ematea eta abandonatzea
·         400 ?-tik beherako ebasketa eta kalteak
·         Egitez tratu txarra ematearen edo larritasun eskaseko lesioen delitua (ZKko 153. artikuluko genero indarkeria edo etxeko indarkeria kasuetan izan ezik). ZKko 147.2 eta 2 artikuluak.  
·         Mehatxu arinak (ZKko 173.2 artikuluan zerrendatutako pertsonak izan ezik). ZKko 171.7 artikulua.
·         Derrigortze arinak (genero indarkeria edo etxeko indarkeria kasuetan izan ezik). ZKko 172.3 artikulua.
·         Irainak eta iseka arinak (ZKko 173.2 artikuluan zerrendatutako pertsonak izan ezik), despenalizatuta geldituko dira, eta bide zibiletik akzioak egikaritu ahalko dira (erantzukizun zibila).

Nola izapidetuko dira delitu arin horiek?

Erreformako testuko bigarren xedapen gehigarrian ezartzen den moduan, delitu arin berrien instrukzioa eta epaitzea falta judizioen araudiari jarraiki egingo da (Prozedura Kriminalaren Legearen 962. eta 977. artikuluak). Eta Instrukzio epaitegien eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiek izango dute eskumena.

Zer gertatzen da izapidetze prozesuan dauden falta judizioekin? 

Erreforma hau indarrean sartu baino lehenago hasitako falta judizioei dagokienez, delitu arin izatera pasako diren portaerak araudi berari jarraiki izapidetuko dira, hots, egungo falten araudiari jarraiki. Despenalizatuta geldituko diren portaeren kasuan, epaiak soilik egin ahalko die erreferentzia erantzukizun zibilei(egikarituko balira) eta kostuei.
Zein da funtsezko aldea falta baten eta delitu arin baten artean?
 
Gure iritziz, funtsezko aldeetako bat da orain arte falta judizioetatik eratorritako kondena epaiek ez zutela zigor aurrekaririk sortzen, eta orain aldiz, 2015eko uztailaren 1etik aurrera, delitu arinak epaitzen diren prozesuetatik eratorritako epaiak zigor aurrekarien erregistroko parte izatera pasako dira, nahiz eta kasu askotan garrantzi "gutxiko" portaerak izan.

Dena den, aurrekari horiek ezingo dira kontuan hartu berrerortze ondoreetarako (ZKko 22.8 artikulu berria).

Azkenik, aldaketa horrekin lotutako zalantza juridikobat ere ekarri nahiko genuke hona: Konstituzionala al da instrukzio epaitegi batek delitu arin hauen instrukzioa eta epaitzea egitea?

Faltei buruz ari garenean nolabaiteko zentzua izan dezake instrukzio gabeko prozesuak baitira, nahiko errazak, baina ez al da urratzen araudi horrekin bereizketa printzipioa eta epaitze organoa "ez kutsatzearena"?

Partekatzea