Bitartekaritza-zerbitzuaren gaineko ikerketa-lana
Bitartekaritza-zerbitzuaren gaineko ikerketa-lana
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2016/03/21 Auzia Euskaraz!
2007an sortu zen Eusko Jaurlaritzako auzitegi barruko Bitartekaritza-zerbitzua eta ordutik asko garatu den arloa izan da. Estatuan bitartekaritzaren bidez konpondutako 10 kasutik 5 Euskadikoak dira.
Alderdiei adostutako konponbidea lortzeko aukera eskaintzen die zerbitzu horrek, prozesu judizial luze eta garestiak saihesteko. Justizia administrazioaren jarduna arintzeko, organo judizialei lan-karga kentzeko, baliabide publikoen erabilera arrazionalizatzeko. modu eraginkorra eta fidagarria da. Horregatik, 2016an Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailak 2,1 milioi euro inbertituko ditu bitartekaritza arloan.
Aurreko astean "Evaluacion del Coste de la Justicia Restaurativa integrando indicadores cuantitativos y cualitativos. En el caso de la mediación penal aplicada a las infracciones de menor gravedad" izeneko ikerketa-lana aurkeztu zen. Justiziako sailburuorde Ana Agirre eta Justiziako zuzendari Manuel Valín izan ziren ekitaldian eta ikerketa-lana Arabako IRSE, Gizarte-inklusiorako Institutuak garatu du. Justizia leheneratzaileko aditu hauek izan dira egileak: Idoia Igartua, Alberto José Olalde, Mercé Pedrola eta Gema Varona.
Ikerketak justizia leheneratzailearen kostua aztertzeaz gain, bitartekaritzak biktimari zein biktimarioari eskaintzen dizkien abantailak azaleratzen eta azpimarratzen ditu. Egileek 230 pertsona elkarrizketatu dituzte liburua osatzeko, guztiak ere zigor-arloko bitartekaritza-prozesuetan parte hartu dutenak Eusko Jaurlaritzak Araban duen Auzitegi barruko Bitartekaritza-zerbitzuaren bitartez, horien gogobetetze-maila neurtze aldera.
Era horretan, agerian geratu da Araban auzitegi barruko bitartekaritzaren arrakasta, lortutako akordio kopurua, horien betetze-maila eta batez ere horietan parte hartu dutenen balorazio positiboa. Hala bada, liburuak «erreparazio sinbolikoaren» garrantzia azpimarratzen du; hau da, arau-hausleak eragin duen mina aitortzea eta horren erantzukizuna bere gain hartzea, eta biktimarentzat modurik onuragarrienean erreparatzea, zigorra edozein dela ere. Ondorioen artean, inkesta egin dutenen %60k baketze eta arazoak konpontzeko tresnak garatzeko erabilgarria izan dela adierazi du eta %70 baino gehiagok pertsona berarekin ez du berriro arazorik izan.
Ikerketa Eusko Jaurlaritzaren web orrian argitaratu da: www.euskadi.eus
Iturria: www.irekia.euskadi.eus