Elebietan izapidetzeko tresnak ezagutarazteko ikastaroak Tolosako epaitegietan

Elebietan izapidetzeko tresnak ezagutarazteko ikastaroak Tolosako epaitegietan
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2016-09-30 Auzia Euskaraz!
Ikastaroari buruzko informazio gehiago
Irailean hiru saio egin ditugu Tolosako epaitegiko langileekin, dokumentuen izapidetza elebiduna bultzatzeko. Izan ere, aspaldi ezarri ziren dokumentuak bi hizkuntzetan modu errazean egiten laguntzeko tresnak, baina EpaiBi-ko kideok konturatuta geunden bulego judizialetan ez zirela ezagunak. Hori dela-eta, epaitegietara joan eta bertakoekin aurrez aurreko saioak egitea erabaki dugu. Horrez gainera, ikastaroaren beste helburua izan da herritarrengana heltzen diren dokumentu elebidunen kalitatea hobetzea, euskarazko zutabeko edukien kalitatea bermatze aldera.
Gernika, Bergara eta Tolosa izan dira lehenak -guztira, 63 langilek jaso dute-, eta asmoa da poliki-poliki erkidego osoko justizia jauregietatik pasatzea.
Idoia Garateri, Tolosako Betearazpenetako Bulegoko langile bati, ikastaroari buruzko iritzia eskatu diogu saioa amaitzean, eta, haren esanetan, oso praktikoa izan da, eguneroko lanean erabiltzeko modukoa. Gaineratu du, aurrez aurreko ikastaroak antolatzea dela ziur asko horrelako edukiak epaitegietako langileei helarazteko modu bakarra, bai eta berehala hasiko dela ikasitakoa erabiltzen ere.