Eremu juridikoko hiru termino berri iaz

Eremu juridikoko hiru termino berri iaz
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2015/01/28 Auzia Euskaraz!
Zer, ezagun egiten zaizkizue?
Espetxealdi iraunkor berrikusgarria
Iazko abenduan, artikulu interesgarri hau argitaratu zuten UZEIkoek haien webgunean. Atzera begiratu eta joan den urtean ikasi genituen hitz berrien bilduma egin zuten. 16 bildu zituzten guztira, eta horietatik hiruk lotura zuzena dute epaitegien munduarekin:
- espetxealdi iraunkor berrikusgarria
- mozal-lege
- inputatu
Zer, ezagun egiten zaizkizue?
Hona hemen horiei buruzko informazio apur bat memoria freskatzeko:
Espetxealdi iraunkor berrikusgarria
2015eko uztailaren 1etik aplikatzen da, hain zuzen ere, Zigor Kodearen azken erreforma indarrean sartu zenetik. Neurriak polemika ugari sortu zuen: Diputatuen Kongresuko oposizioko talde guztiek errekurtsoa jarri zioten Auzitegi Konstituzionalean, argudiatuta estalitako biziarteko kartzela zigorra dela espetxealdi iraunkor berrikusgarria eta Konstituzioaren lau artikulu urratzen dituela.
"Delitu larri batzuen kasuan (adibidez, adingabeak erailtzea edo terrorismo delituak) ezartzen den zigor berezia: epe zehatzik gabeko espetxealdia ezartzen zaio delitugileari, eta, 25 eta 35 urte bitarteko aldia pasatutakoan (delituaren arabera), berrikusi egiten da zigorra, delitugilea espetxetik aterako den erabakitzeko". (Iturria:Euskalterm)
Mozal Legea
Horrela deitu diote batzuek Herritarren Segurtasun Legeari (HSL). 2015eko uztailaren 1ean sartu zen indarrean, eta orain arte zigorrik ez zekarten hainbat portaera edo jarrera zigortzen ditu, esaterako, skratxeak eta etxe-desjabetzeen aurkako mobilizazioak.
Oposizio guztia aurka izan zuen Raxoiren Gobernuak Legea tramitatzeko, eta soilik Alderdi Popularraren bozkak jasota egin zuen aurrera Espainiako Kongresuan. Kale mobilizazioak ugariak izan ziren.
Zalaparta handia sortu duten neurrietako batzuk hemen:
- Arau hausleen erregistro bat sortuko da (Lehen zigor aurrekariekin eta epai judiziala eman ondoren soilik egiten zen)
- Miaketa prebentiboak baimentzen ditu
- NANa erakusteari uko eginez gero, polizia indarrek 6 orduz eduki ahalko dituzte herritarrak komisarian
2015/13 Lege Organikoak, Prozedura Kriminalaren Legea aldatzen duenak, Lege horren hizkera egokitzea zuen helburu, besteak beste. Horren ondorioz, indarrean sartu zenetik, "inputatu" terminoaren ordez, "ikertu" edo "auzipetu" erabili behar dira, prozedura fasearen arabera.
Hizkera Juridikoaren Argitasunerako Batzordearen arabera, "inputatu" terminoa inolako zehaztasun kontzeptual gabe erabiltzen omen zen Legean eta beharrezkoa zen baztertzea termino horrek berekin zekartzan konnotazio negatiboak zein estigma soziala.