Erregistro Zibilean inskriba daitezke ezkontza ebanjelikoak, juduak eta islamiarrak
Erregistro Zibilean inskriba daitezke ezkontza ebanjelikoak, juduak eta islamiarrak
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2016-05-31 Auzia Euskaraz!
Apirilaren 22an BOEn argitaratu zen ezkontza erlijiosoak Erregistro Zibilean erregistratzeari buruzko Agindua (JUS/577/2016), apirilaren 19koa.
Geroztik, Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian inskriba daitezke estatu espainiarrean errotuta dauden erakunde erlijiosoek (elizek, konfesioek, erlijio-elkarteek edo horiek federazioek) egindako ezkontzak, betiere Erakunde Erlijiosoen Erregistroan inskribatuta badaude. Lege horren bidez, onartuta geratzen dira ezkontzeko gaitasunaren ziurtagiriaren eredua, bai eta ezkontza erlijiosoa egin izanaren eredua ere.
Estatuak lankidetza-hitzarmenak ditu Espainiako Erlijio-erakunde Ebanjelikoen Federazioarekin, Espainiako Komunitate Juduen Federazioarekin eta Espainiako Komunitate Islamiarren Federazioarekin.
Aldi berean, legea indarrean sartzearekin batera, honako hauek Espainian errotuta daudela adierazi da: "Jesucristo de los Santos de los Últimos Dias" Eliza (2003), Jehova Testiguen Eliza (2006), Espainiako Budisten Federazioko Elkarteak (2007) eta Eliza Ortodoxoa (2010).
Eliza bakoitzak, ezkontza inskribatzeko, betekizun desberdinak ditu:
- Eliza katolikoak egindakoa bada, elizaren ziurtagiriarekin nahikoa da.
- Ezkontza juduen, islamiarren edo Espainiako Erakunde Erlijioso Ebanjelikoen Federazioko ezkontzen kasuan, aldez aurreko espediente bat egin beharko da, ezkontzeko gaitasuna aitortzen duen autoarekin amaitzen dena.
Espedientea egindakoan, sei hilabeteko epea dago ezkontza egiteko.
Hizkuntza koofiziala duten autonomia erkidegoetan, ziurtagiri-ereduek elebidunak behar dute; alegia, gaztelaniaz eta erkidego horretako beste hizkuntza ofizialean.
Iturriak: www.justizia.net, BOEko legea