Joan edukira
Aukia euskaraz
  • Facebook
  • Twitter
  • Youtube

Tolosako epaitegietan neurri zehatzak adostuta

Tolosako epaitegietan neurri zehatzak adostuta

Tolosako epaitegietan neurri zehatzak adostuta

egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi), 

2016-11-24 Auzia Euskaraz!




Hainbat bilera egin ditugu Tolosako barrutiko eragile juridiko euskaldunek, denon artean neurri zehatzak adosteko euskararen erabilera handitze aldera, prozedurekin loturiko hainbat arlotan. "Tolosako euskara emaileen bilerak" izena jarri diogu egitasmoari.

Tolosako barrutia aukeratu dugu bilerok egiteko, bi arrazoirengatik: batetik, Tolosaldeko ezaugarri soziolinguistikoengatik, euskararen erabilera handia baita eskualdean; eta, bestetik, lau epaitegitatik bitan une hauetan epaile euskaldunak daudelako.

Dagoeneko amaitu dugu bileren lehen fasea; 3 bilera txanda izan dira guztira. 2. bileretan neurri zehatzak proposatu genituen, eta, kontraste lanak egin ondoren, kontrasteetatik jasotako informazioa helarazi diegu 3. bileretara bertaratutakoei. Horrez gainera, azken fasearen bukaeran, neurrien jarraipena eta zabalkundea nola egin ere erabaki dugu.


26 pertsonak hartu dute parte, partaidetza handiago edo txikiagoarekin. Horietatik 10 epaitegietako langileak dira, 5 Justizia Administrazioaren letraduak, 2 epaileak, 7 abokatuak eta 2 prokuradoreak. Esan dezakegu taldea askotarikoa izan dela, eragile juridiko guztiak izan baitira ordezkaturik. Aniztasun horren garrantzia nabarmendu nahi dugu epaiBi-ko kideok; izan ere, auzietan eragile horiek guztiek hartzen dute parte, eta guztiak dira giltza prozedurak euskaraz izapidetzeko bidean aurrerapausoak emateko.

Hartutako erabakiei dagokienez, zehaztu dugu, besteak beste, zer prozedura diren errazenak osorik euskaraz ere izapidetzeko, nola jokatuko duten epaile euskaldunek deklarazio zein epaiketetan alderdiak euskaldunak direnean, eta interpretearen rola kontsulta figurarena izatea euskarazko parte-hartzeak izango diren epaiketetan, betiere partaide guztien ulermena bermatuta baldin badago.

Aurrez, Gernika eta Bergarako barrutietan egin izan dira euskara emaileen bilerak, proba pilotu gisara. Horietan ondo egindakoak hartuta eta hobetzekoak identifikatuta, EAEko beste barruti batzuetan egitasmo bera martxan jartzea dugu xede. Hain zuzen ere, proba pilotuetatik ikasi dugun gauzetariko bat da neurrien jarraipena egiteak berebiziko garrantzia duela. Horrenbestez, eragileekiko harremanari eusteko ekintza batzuk zehaztu ditugu denon artean, eta, horretaz aparte, urtarrilean berriro elkartzea erabaki dugu neurrien baliagarritasuna aztertu eta ekintza zuzentzaileak identifikatzeko.

Partekatzea