Bitartekaritza Judizialeko Zerbitzu sendoa, bide judizialaren osagarri
Bitartekaritza Judizialeko Zerbitzu sendoa, bide judizialaren osagarri
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2017-06-21 Auzia Euskaraz!
Eusko Jaurlaritzako Bitartekaritza Judizialeko Zerbitzua (BJZ) gatazkak konpontzeko aukera gisa sendotu da, Zerbitzu horrek aurkeztutako 2016. urteko Zigor-arloko memoriak azaltzen duenez. Dena den, aurreko urteekin alderatuz, auzi gutxiago bideratu dira zerbitzu horretara. 2016an, BJZk 1.414 espediente izapidetu ditu, horietatik 1.231 organo judizialetatik eratorritakoak, eta, 226, aurreko urteetakoak, artean ebazteko zeudenak. 1.171 auzi itxi dira, horien % 51 (602 auzi) bitartekaritza prozesu baten bitartez ebatzi dira, horien % 78 akordioarekin ebatzi ere.
Justizia Leheneratzaileak sustatzen du giza-harremanen, bakegintzaren, konponketaren eta erantzukizunaren leheneratzea oinarri dituen justizia; eta, horretarako, aintzat hartzen ditu gatazkan tartean diren pertsonen (delituaren egilea, biktima eta erkidegoa) beharrak, eta komunikazio-espazioak antolatzen ditu elkarrizketa bidez bideratzeko biktimak jasandako kaltea, biktima-eragilearen gizarteratze positiboa eta erkidegoko gatazken baketzea.
Biktimaren eta biktima-eragilearen arteko bitartekaritza judiziala -indarrean dagoen akusazio-sistemaren osagarri gisa- aukera bikaina da, justizia formaleko sistemaren kalitatea hobetzeko herritarrei arreta emateari dagokionez. Gure testuinguru kultural eta juridikoan presentzia laburra duen arren, Euskal Autonomia Erkidegoan sistema horrek garapen garrantzitsua izan du. 2007. urteaz geroztik, EAEko Bitartekaritza Judizialeko Zerbitzuak organo judizialen eta herritarren esku jarri du metodo hori, bide judizialaren osagarri dena.