Bizkaiko abokatu euskaldunen eguna: etorkizuneko abokatu euskaldunen bila
Bizkaiko abokatu euskaldunen eguna: etorkizuneko abokatu euskaldunen bila
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2017-12-05 Auzia euskaraz!
Garazi Arraibi Bizkaiko Abokatu Euskaldunen Batzordeko kideak idatzitako artikulua.
Pasa den abenduaren 1ean ospatu zen gure bazkuneko areto nagusian Bizkaiko abokatu euskaldunen eguna. Helburu nagusienetako bat etorkizuneko abokatu euskaldunekin elkarlanean aritzea izan zen, eta, horretarako, momentu honetan abokatutzako masterra egiten dabiltzan hainbat gazte hurbildu ziren ekitaldira.
Aitzol Aslak egin zuen sarrera; bera Abokatu Euskaldunen batzordeko kide da eta baita Bazkuneko Gobernu batzordekoa. Aitzolek azpimarratu egin zuen euskararekiko egiten denaren aldeko lana beharrezkoa dela.
Ondoren Zuriñe Pinedo, Abokatu Euskaldunak batzordeko kideak, hartu zuen hitza, batzordearen eginbeharrak azalduz. Justizian euskaraz jarduteko oztopoak daudela argi dago, eta, horri aurre egiteko, guztion arteko lanak garrantzi handia dauka, honen inguruko zerbaitek arduratzen gaituenean, hori batzordera ekartzera animatu zuen Zuriñek.
Sarreraren ondoren mahai-ingurua egon zen eta bertan "zer aukera/norabide izan dezake etorkizuneko abokatu euskaldun batek?" gaia jorratu zen. Moderatzaile moduan Jon Iñaki Lasa aritu zen, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Normalizazioko teknikaria. Anekdota moduan kontatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintzien artean ez garela adostasun batera heltzen bazkun, elkargo edo elkarte hitza erabiltzeko, lurralde bakoitzean modu batera esaten dugulako.
Moderatzaileak Xabier Loizagari, abokatutza masterreko ikaslea denari eman zion hitza. Xabierrek, bera eta bere ikaskideen izenean, euskararen ofizialtasun eta teknikotasuna aldarrikatu zituen; izan ere, ikasten dauden bitartean irakasleek askotan ez dituzte euskarazko hitz teknikoak ondo erabiltzen.
Unibertsitatean ikasi duten bitartean, euskarazko testu gutxi egon dira eta asko derogatuta daude; kritikatu egin zuen ez zutela, azken unera arte, gradu bukaerako lana egiteko momentura arte, euskal abokatuok dauzkagun tresnen berri izan.
Lan mundura jauzi egiterako unean, tristura eta lotsa sentitu zuten ikasleek, abokatu bulego handietan euskarak daukan garrantzia ikustean. 12 bulego handiren aurkezpenean, batek edo bik aipatu zuten euskara kontuan izango zutela, ingelesa edo alemana beharrezkoa dela guztiek esaten zuten bitartean. Hala ere, euskarak justizian izango duen etorkizunari begira baikor agertu ziren, profesional asko daudelako eta egongo direlako euskaraz jarduteko gaitasuna daukatenak, lanerako gogotsu azaldu ziren.
Gero, Ariane Arzak, abokatutza masterreko ikasle ohiak hartu zuen hitza. Arianek duela sei urtetik daukan lan esperientzia kontatu zuen. Unibertsitateko ikasketak eta masterra euskaraz egin ondoren, lan munduan ez du euskara erabiltzeko aukera handirik izan. Sindikatu batean lanean jardun zuen bitartean, Bizkaiko eskualde desberdinetan aritzeko aukera izan zuen, eta Gernikan ikusi zuen iraizpen eskutitz bat euskaraz, bestela dena gaztelaniaz izan da. Hala ere, bezeroekin euskaraz hitz egiteko aukerak ez ditu galduko.
Mahai-inguruari amaiera emateko, Inma Ansotegik, abokatutza masterreko irakasleak hitz egin zuen. Inmak positiboki baloratu zuen euskara gure jardunean. Oztopoak daudela egia den arren, euskaraz aritzeak ematen dituen pribilegioak baloratu behar ditugula iritzi du berak. Ikasleei euskara teknikoa hobeto irakasteko, euskararen laugarren hizkuntza-eskakizuna atera berri du, eta euskaraz jakiteak aukera eman dio 60 urtetik gorakoei aholkularitza emateko orain dela gutxi atera duten lanpostua lortzeko. Berarentzat euskara jakitea baliagarria izan da zentzu askotan.
Ekitaldiaren bigarren zatian, David Rosalesek, abokatutza masterreko ikasleak, "eta erdarazko testuak kontrakoa badio? Itzulpen ofizial kontrajarriak eta Quebec-eko eredua" gaia jorratu zuen. Euskal Zuzenbide Zibileko 5/2015 legeko artikulu batek ez zuen gauza bera esaten euskaraz eta gaztelaniaz eta hau 2016. urtean zuzendu zuten. Bermeoko Ostalaritzari buruzko Ordenantzan eta Merkataritza Orokorreko Hitzarmen Kolektiboan ere desberdintasunak daude euskara eta gaztelaniazko testuen artean gaur egun.
Arazo horri irtenbidea emateko era bat Quebec-eko eredua kontuan hartzea izan daitekeela proposatu zuen Davidek. Quebec-en ingeles eta frantsesaren arteko bertsio kontrajarriak daudenean "aginpide berdinen erregela" aplikatzen da; ikusi behar da zeinek islatzen duen hobeto legearen helburua. Hemen, horrelako kasuak gertatzen direnean, epaileari jakinarazi behar zaio euskalduna izan ez arren, euskarazko legeak zer dioen; epaileak elebitasuna errespetatu behar du.
Azkenik, Txerra Rodriguezek, Bizkaiko abokatu euskaldunen batzordeko dinamizatzaileak, hartu zuen hitza, berak aztertu zuena "Abokatu Euskaldunen batzordea: atzo, gaur eta bihar" gaia izan zen. Justizia alorrean euskara bultzatzeko eskumen gehiago izatea ezinbestekotzat jo zuen Txerrak, hala ere, denok egin behar dugu zerbait gure konfort gune horretatik irtenda.
Nahiz eta batzordearen antolaketa hobetu den, jende gehiago eta inplikazio handiagoa beharrezkoak direla adierazi zuen berak, presio-talde bezala jardun behar dugula, kritikoak izan behar dugula esan eta publizitatea egitera animatu gintuen. Txerrak komentatu zuen, berak orain ikusi duela justizia munduan euskarak daukan egoera, baina orain arte ez duela horren berririk izan, eta, hori dela eta, mundu honetatik kanpo daudenei euskararen egoera zein den eta horren inguruan egiten den borroka erakustea garrantzizkoa dela azpimarratu zuen.
Abokatu Euskaldunak batzordearen izenean eskerrak eman zitzaizkion Txerrari egindako lanagatik, batzordearen alde eta baita ere Bazkunean euskara plana aurrera eramateagatik. Besteak beste, aurten euskara tekniko juridikoaren ikastaroa egin da.
Ekitaldiarekin amaitzeko Bazkuneko abesbatza etorri zen.
Eguerdian bazkaria egin zen Kafe Antzokian eta ondoren bertsoak egon ziren Nerea Ibartzabal eta Jone Uriarekin.