BJLO erreformatzea onartuta Justiziako langileek baimenak berreskuratzeko
BJLO erreformatzea onartuta Justiziako langileek baimenak berreskuratzeko
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2017-11-03 Auzia Euskaraz!
Diputatuen kongresuak onartu egin du Botere Judizialaren Lege Organikoa erreformatzeko proposamena aintzat hartzea. Proposamenaren helburua honako hau da: krisi ekonomikoa zela-eta hartutako neurrien aurretik Justizia Administrazioko langileek zuten baimen- eta lizentzia-erregimena berreskuratzea.
Proposamena egin duen taldeak argudiatzen du, neurriok aplikatzea eragin zuen egoera gaindituz joan den heinean, posible dela krisi ekonomiko aurreko baldintzetara itzultzea, bai epaile eta magistratuei dagokienez, bai fiskalei, Justizia Administrazioko letraduei eta justizia jauregietako langileei dagokienez.
Lege organikoko proposamenean, mahai gainean jartzen da berreskuratzea, batetik, antzinatasunagatik aitortutako opor egun gehigarriak, eta, bestetik, norberaren aferetarako baimenak. 2012an kendu zituzten horiek Justizia Administrazioaren Aurrekontu Eraginkortasunerako Neurrien Lege Organikoaren bidez, aurrekontuen egonkortasuna ahalbidetzeko eta lehiakortasuna sustatzeko xedez.
Era berean, proposatzen da aitatasun baimena lau astetakoa izatea, eta, modu horretan, baimenaren iraupena berdintzea Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuan ezarritakoarekin. Horrez gainera, Botere Judizialaren Lege Organikoko aurreikuspenak moldatzen ditu Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen Legean jasotako adopzio aurreko harreraren erreferentzien arabera.
Azkenik, proposamenean aholkatzen da, hemendik aurrera, erakunde publikoetan alor horretan gertatzen diren hobekuntzak -azken batean, familia eta lan bizitza uztatzearekin zerikusia dutenak- berehala aplika daitezela Justizia Administrazioaren eremuan; bereziki, epaileei, magistratuei eta fiskalei dagokienez, Botere Judizialaren Lege Organikoan berehala islatzearen bidez.
Iturria: ElDerecho