Desgaitasuna duten pertsonak zinpekoen epaimahaiko kide izan ahalko dira

Desgaitasuna duten pertsonak zinpekoen epaimahaiko kide izan ahalko dira
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2017-12-19 Auzia Euskaraz!
2/1995 Lege Organikoak, maiatzaren 22koak, Zinpeko Epaimahaiari buruzkoak, mugatu egiten zuen desgaitasuna duten pertsonek zinpeko epaimahaietako kide izateko aukera. Erreformaren bidez, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruz hartutako nazioarteko konpromisoak beteko ditu Espainiak.
Desgaitasuna duten pertsonei buruzko Nazio Batuen Erakundearen Hitzarmenak ezartzen du estatu kideek bermatu egin behar dutela pertsona horiek justiziarako sarbidea dutela gainerakoen baldintza berberetan, baita partaide zuzen edo zeharkako gisa benetako funtzioetan jarduteko prozedurei dagokionez ere.
Justizia barruko alor bereziki adierazgarria da Konstituzioaren 125. artikulua, bertan bermatzen baita zinpeko epaimahaian parte hartzeko aukera. Lege Organikoko 8. artikuluak baldintza gisa zehazten zuen, aldiz, traba fisiko, psikiko eta sentsorialik ez izatea.
Erreformaren ondoren, desgaitasuna duten pertsonak ezingo dira epaimahaikide izateko funtziotik baztertu arrazoi horregatik, eta Justizia Administrazioak haien esku jarri beharko ditu beharrezko laguntzak, bai eta beharrezko doikuntzak egin ere, zeregin hori normaltasunez egin ahal izan dezaten.
Erreforma 2018ko otsailaren 14an sartuko da indarrean.
Iturria: elderecho.com