Joan edukira
Aukia euskaraz
  • Facebook
  • Twitter
  • Youtube

Dirua jasoko dute Kataluniako abokatuek eginbide jakinak katalanez aurkezteagatik

Dirua jasoko dute Kataluniako abokatuek eginbide jakinak katalanez aurkezteagatik

Dirua jasoko dute Kataluniako abokatuek eginbide jakinak katalanez aurkezteagatik

egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi), 

2017-01-27 Auzia Euskaraz!

Katalanaren erabilera sustatzeko helburuz, abenduaren 27an hitzarmena izenpetu zuen Kataluniako Abokatuen Kontseiluak (CICAC) Justizia Sailarekin programa zehatza martxan jartzeko.

Epaitegietan katalanaren erabilerak egun dituen adierazle baxuei bultzada emate aldera, proba pilotua jarri dute martxan hitzarmen horren bidez, hasiera batean urtebetekoa (edo aurrekontua amaitu artekoa). 

Borondatez parte hartu nahi duten abokatuei dago zuzendurik egitasmoa, eta 14 euro osagarri jasoko dituzte dokumentu jakin batzuk katalanez aurkezteagatik (Ofiziozko txandako 26 modulu jakinekin bat datozen jarduketengatik soilik jasoko dute diru hori; behean zerrenda). Programak iraun bitartean eman ahalko dute alta edo baja profesionalek programan, aurrez CICACi jakinaraziz gero.


Horrez gainera, katalana aukeratu duten herritarren hizkuntza eskubideak betetzen direla bermatzeko jarraipen lana egingo da.

Albisteak izan du oihartzuna Euskal Herrian ere; horregatik, bertako abokatu bati, Elena Egiguren tolosarrari, neurriari buruz zer iritzi duen galdetu diogu. 

Azaldu digu ez zuela Kataluniako programaren berri, eta, hasiera batean, harridura sortu diola. Tolosako abokatuak aitortu digu informazio gehiago beharko lukeela iritzi sendoa emateko, baina iruditzen zaiola neurriak, berak bakarrik, ez duela eragin handirik izango; alegia, eraginkorra izan dadin, beharrezko ikusten duela aurrez diagnosi bat egitea eta eraginpeko eragile guztiak inplikatzea.

Bestalde, kontatu digunaren arabera, "Erkidegoan gauzak beste era batera egiteko gogoa badagoela sumatzen da eta pausoak ematen ari dira. Aldi berean, gaiarekin sentsibilizatua dagoen jendea bere esku dagoena egiten ari dela iruditzen zait. Erronka litzateke euskararekiko sentsibilitate hori ez dutenak motibatzea, baita behar diren baliabideak lortzea ere: momentuko itzulpen zerbitzua, itzultzaile gehiago, euskara juridikoaren inguruko ikastaroak, etab.".

Azkenik, adierazi du, eginbideengatik 14 ? jaso baino, nahiago lukeela euskarazko demanden eta gaztelaniazkoen tramitazioak denbora bera irautea.


Partekatzea