Eremu Urriko Hizkuntzen Gutuna: 25 urtez bete gabe eremu judizialean
Eremu Urriko Hizkuntzen Gutuna: 25 urtez bete gabe eremu judizialean
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2017-06-02 Auzia Euskaraz!
Llengua i Dret aldizkariko blogean, artikulu interesgarria aurkitu dugu Europako Eremu Urriko Hizkuntzen Gutunaren gainean. Hitzarmenak 2017an 25 urte beteko dituela-eta, hedabideak abagunea aprobetxatu du aztertzeko Gutunean jasotzen diren arlo juridikoko neurriak Espainiako estatuan zer egoeratan dauden. Edukiari interesgarri iritzi diogunez, testua itzuli eta, pixka bat egokituta, Auzia Euskaraz blogera ekarri dugu.
2017an, 25 urte bete dira nazioarteko hitzarmen loteslea plazaratu zuenetik Europako Kontseiluak, eremu urriko hizkuntzak babesteko: Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna.
Espainiak 1992an izenpetu zuen eta 2001ean berretsi; neurri zorrotzenak hartu zituen bere gain arlo guztietan -justiziarekin lotutakoak, beste batzuen artean, ez daude erabat beteta-. Frantziak, aldiz, 1999an sinatu zuen, baina, ondoren berretsi ez zuenez, Gutuna ez da aplikatzen herrialde galoan.
Aldian-aldian, neurrien betetze mailari buruzko txostena aurkezten dute kasuan kasuko estatu kideek; horietan jasotakoa Aditu Independenteen Batzordeak (AIB) aztertzen du. Horren ondoren, estatu horietako legezko elkarte eta erakundeek emandako informazioa jaso dezake AIBk, bere txostena osatze aldera.
Oraingoz, Espainiako Estatuak lau txosten aurkeztu ditu Gutunaren aplikazioaren gainean, azkena, 2014an. Era berean, AIBk txosten horiei buruzko bere txostenak eman ditu, azkena, 2016an.
Justizia Administrazioarekin lotutako neurriak
Europako Kontseiluak, 2016an egin zuen txostenean, azpimarratu zuen eremu urriko hizkuntzek babes maila altua dutela Espainian, baina zehaztu zuen hizkuntza koofizialen erabileran gabeziak daudela justizia arloan, asistentzia sanitarioan eta hedabideetan.
Adituek Espainiara egin zuten azken bisitan adierazi zuten aurreko ebaluazioetan hautemandako "arazo nabarmenek" bere horretan zirautela Justizia Administrazioan. Ordutik, baina, ez da aldaketarik egon hizkuntza koofizialetan prozedurak hasteko eskubideei buruzko legerian. Zentzu horretan, txostenean esaten da Botere Judizialaren Lege Organikoa (BJLO) dela Gutuna betetzeko "arazo nagusietako bat".
AIBren txostenetan behin eta berriz emandako aholkuei dagokienez, Estatu espainiarrak autonomia erkidegoen gain utzi izan du ardura. Kontuan hartu beharrekoa da erkidegoek ez dutela arlo horretako eskumenik.
Espainiako Legeria eta Gutuna kontrajarrita
Espainiako ordenamendu juridikoan, BJLOko 231. artikuluan, ezartzen da gaztelania dela oro har erabiltzekoa justizia auzitegietan; gutunean, aldiz, neurri zehatzak proposatzen dira arlo zibilean, zigorrean eta administrazioarekiko auzietan eremu urriko hizkuntza bultzatzeko; esaterako, prozedurak hizkuntza horietan izapidetzea alderdietako batek hala eskatzen duenean. Ondorioz, Gutunak aukera handiagoak ematen ditu eremu urriko hizkuntzen erabilera sustatzeko.
Bestalde, BJLOko artikulu bereko 2. atalak xedatzen duenaren arabera, auzi batean alderdietako batek eremu urriko hizkuntza erabiltzearen kontra egin dezake, defentsa gabezia argudiatuta; horrenbestez, prozedura gaztelaniaz izapidetzera pasatzen da zuzenean. Beraz, BJLOak prozedura judizialetan lehentasuna ematen dio gaztelaniari.
Hori guztia aintzat hartuta, pentsa dezakegu zaila dela BJLOren 231. artikulua eta Gutunaren 9.a -Justizia Administrazioan aplikatu beharreko neurriei buruzkoa- uztartzea, eta , ondorioz, badirudi arauen lehentasun printzipioarekin bat etorriz, BJLOkoa moldatu edo indargabetu beharko litzatekeela.
Gutunaren sorrera eta izaera
1992an onetsi zen Gutuna, baina, estatu gehienak mesfidati agertu ziren haren aurrean, eta 1998ra arte ez zen indarrean sartu, lehendabiziko bost estatuek berretsi zutenean.
Gutunean zehazten da eremu urriko hizkuntzak d(ir)ela biztanleen gehiengoak hitz egiten ez d(it)uen hizkuntza(k). Definiziotik kanpo gelditzen dira etorkinek ekarritako hizkuntzak eta lurralderik ez dutenak. Espainiako Estatuak adierazi zuen autonomia estatutuetan hala jasotakoak direla eremu urriko hizkuntzak; hots, babestu beharrekoak.
Gutunaren xede nagusia da Europako eremu urriko hizkuntzen egoera zailari aurre egitea, eta, horretarako, aholku zehatzak ematen dira hizkuntza horiek babestu eta sustatzeko hezkuntzan, ekonomia eta gizarte esparruan, hedabideetan.
Gutunean ez dago jasota, dena den, instrumentu edo mekanismorik aukera emango dienik partikularrei eskubide urraketak salatzeko, ez eta tresnarik estatu kideak behartzeko dagozkien betebeharrak bete ditzaten.
Iturria: Llengua i Dret