Eskola jazarpena hizpide

Eskola jazarpena hizpide
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2017-01-26 Auzia Euskaraz!
«Eskola jazarpena Euskadin uste baino ohikoago da. Bestalde, garai batean baino gehiago salatzen dira bullying kasuak. Lehen, muturreko kasuak baino ez ziren iristen epaitegietara. Gainerakoak, eremu pribatuan edo lagunartean geratzen ziren. Gaur egun, bestela da, ikastetxe eta instituzioek kasuak ikertu egin behar direla ulertu dute» Juan Calparsoro, EAEko fiskal nagusiaren hitzak dira ("Administrazioan Euskaraz" aldizkariaren 95. zenbakia).Â
Delitu salaketen kopuruari dagokionez, 2015ean 47 kasu salatu zituzten Bizkaian, eta 16 Gipuzkoan. Argia aldizkariko Mikel Garcia Idiakez kazetariaren arabera, EAEko 250 ikaslek baino gehiagok hots egin dute "116111 Zeuk Esan" laguntza telefonora, eskola jazarpena tarteko.
Juan Calparsororen iritziz, «eskola jazarpena» izenak ez du balio gertakaria osorik definitzeko. «Eskola jazarpena izango litzateke gela barruan beste inon gertatuko ez balitz, adibidez, baina ez dago horrelakorik. Sare sozialen eraginez, jazarpena eskolatik kanpo ere gertatzea ekarri dute, eta, maiz, baita ikastetxe berekoak ez diren jazarlearen eta biktimaren artean ere». Bullyinga zena, cyberbullying ere bada orain, eta horrek are zalantza handiagoak ekarri ditu kamerak ikastetxean jartzeari dagokionez.
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak uste du ikastetxeetan kamerak ezartzearena kontuz landu beharreko gaia dela. Bi alderdi bereizi beharra ikusten du: "Batetik, kamerak epailearen aginduz ezartzea, abian eta irekita dagoen zigor-prozedura baten barruan, ustez norbaitek egin duen, edo egiten ari den, delitu kasu batengatik. Kasu horretan, epaileak onartua da kamerak ezartzea, nola den telefono-entzuketa edo miatze-agiri bat bideratzea. Fiskaltzaren neurria da, beti. Bestetik duzu zaintza-kamerak han edo hemen jartzea, neurri prebentibo gisa. Kasu horretan, Datuak Babesteko Legeak aginduko luke, hau da, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak luke hitza, kamera bidezko bideo-zaintzaz ariko baikinateke, zeina legez erregulatua baitago, eta betekizunak ere argi zehaztuak baititu. Ez dakit kamerak ikastetxean jartzearen inguruko eztabaida egiazkoa den, ez den, baina badakit estatuko beste zenbait erkidegotako ikastetxetan jarriak dituztela kamerak, patio, jangela eta bestelako eremu batzuetan."
Bideo-zaintza Legeak toki publikoetan kamerak jartzea arautzen du, legeak zer dioen galdetu diogu Garazi Arraibi abokatuari: "Gai hori arautzen da Datuak Babesteko Espainiar Agentziaren 1/20016 Instrukzioan, azaroaren 8koan, kamera-sistema edo bideokameren bidezko zaintza sistemetan jasotzen diren datu pertsonalen tratamenduari buruzkoan. Honako hau jasotzen da bertan:
- Proportzionaltasuna egon behar da lortu nahi den helburua eta datuak tratatzeko moduaren artean (esaterako ez dago justifikatuta garajeko sarrera grabatzen duen kamera baten zoom on bat edukitea kotxe barruko gauzak ikusteko).
- Kamera bat grabatzen dagoela jakinarazi behar zaie handik pasatzen diren guztiei
- Beste segurtasun neurri bat ezarri ezin daitekeenean erabiliko dira kamerak
- Eremu pribatuan dauden kamerek ezingo dituzte eremu publikoko irudirik jaso (salbuespena bankuko kamarak izan daitezke, instalatzen diren lekuagatik).
- Grabatzen diren irudiek epemuga bat daukate, hilabetekoa normalean."
Eskoletan kamerak jartzearen inguruan dio "ekidin nahi dena lortzeko balio behar dutela kamerek, hori lortzeko beste biderik ez dagoenean erabiliko direla, eta interes guztiak kontuan hartu beharko direla (kaltetu eta babestuta sentituko direnen artekoa)".
Bestalde, adituaren hitzetan, "4/1997 Lege Organikoak ahalbidetu egiten du segurtasun indarrek toki publikoetan dauden kamerak grabatutako irudiak jasotzea, beti ere segurtasunarekin zerikusia daukaten gaietan; eta Autonomia Erkidegoak ahalbidetzen ditu irudi hauek gordetzearen moduaren inguruan erabakiak hartzera.".Â
Kontuan hartzeko da baita ere, "13/2015 Lege Organikoak Prozedura Kriminaleko Legea aldatu zuela 588 quinquies artikuluak sortuz, honen aburuz Polizia Judizialak zigor arloko prozeduretan ikertuta dauden pertsonen grabazioak egin ditzake espazio publikoetan nahiz eta horren ondorioz hirugarren pertsonak grabatu".
Iturriak: "Administrazioan euskaraz" aldizkariko 95. zenbakia / Garazi Arraibi abokatua