Gasteizko Lehen Auzialdiko epaitegi batek Justizia Kalitateko saria jaso du
Gasteizko Lehen Auzialdiko epaitegi batek Justizia Kalitateko saria jaso du
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2017-01-10 Auzia Euskaraz!
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Justizia Kalitateko saria eman dio Gasteizko Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko epaitegiari, denbora oso laburrean erantzuteagatik eta eraginkortasun handia erakusteagatik.
Epaimahaiak aintzatetsi du organo judizial horretan dihardutenen lana, dedikazioa, ahalegina eta profesionaltasuna. Madrilgo Lan arloko 31 zenbakiko epaitegiarekin batera jaso du sari hori Gasteizkoak, justizia eraginkorrenaren modalitatean.
Bestalde, justizia eskuragarriaren modalitatean, saria jaso du zorpetze larrian dauden familiei aholku emateko martxan jarritako egitasmo batek (Valladolideko Udalak, abokatuen elkargoak eta Lehen Auzialdiko 12 zenbakiko Epaitegiak elkarlanean gauzatutako egitasmoa da).
Saria jaso dute modalitate berean, halaber, honako hauek: Prokuradoreen Kontseilu Nagusiaren enkante sistemak, Extremadurako artxibo judizialen modernizazioak, eta herritarrekin zein hedabideekin Valladolideko Auzitegiak dituen harremanak. Azkenik, Valladolideko Probintzia Auzitegiak, Feliciano Trebolle buru duela, justizia gardenenaren saria jaso du.
Justizia Kalitatearen Sariak 2009. urtean sortu ziren, eta 2010ean eman ziren lehen aldiz.
Iturria: blog.justizia.net