Gero eta gehiago erabiltzen da Familia Bitartekaritzako Zerbitzua
Gero eta gehiago erabiltzen da Familia Bitartekaritzako Zerbitzua
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2017-04-07 Auzia Euskaraz!
Aurkeztu berri dute Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren 2016ko jardunari buruzko txostena. Datuek erakusten dute hazi egin dela zerbitzua erabiltzen dutenen kopurua; zehazki, 2016an, 10.666 pertsona artatu zituzten esku-hartzearen hiru mailetan (aurrebitartekaritza, bitartekaritza eta jarraipena), eta 2.028 espediente abiarazi ziren (1.153 Bizkaian, 453 Araban eta 422 Gipuzkoan). Gainera, zerbitzua erabiltzen dutenen ehuneko handi batek (%78,1) akordioa lortzen du.
Familia Bitartekaritzako Zerbitzua Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren doako zerbitzu publiko eta boluntarioa da, familia-gatazkak dituzten pertsonei eskaintzen zaiena. Lantaldea diziplinarteko familia-bitartekariek eta arlo sozialeko, psikologikoko eta juridikoko adituek osatzen dute, eta aldeei beren kabuz gatazkak adiskidetasunez konpontzeko irtenbideak aurkitzen laguntzea du helburu. Lehenengo zerbitzua Bilbon jarri zen abian 1996an, eta, gerora, Donostiako eta Gasteizko bulego-sarea gehitu zitzaion, azken hori 2012an. Ordutik, gero eta jende gehiagok egiten du bitartekaritzaren aldeko apustua familiako gatazkak konpontzeko, eta urtetik urtera handiagoa da zerbitzuarekiko gogobetetzea.
Iaz egindako esku-hartzeen %88,8 hautsitako bikoteekin lotutakoak izan ziren, aurreko urtean baino %4,8 gehiago eta 2014an baino %11,3 gehiago. Bikote bakoitzak lau saio behar izan zituen batez beste erabakiren bat hartzeko, eta erabakitzeko gaiak izan ziren, besteak beste, hitzarmen erregulatzailea, familiaren antolaketa gurasoak elkarrekin bizi ez direnean, bikoteentzako terapia jasotzea edota bikote-harremanari berriz heltzea. Gainerako bitartekaritzak familiako bizikidetzarekin lotutako gatazkek eragin zituzten, esaterako, mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzak, bilobekiko harremanak, eta herentzia, negozio edota elkarbizitza kontuek. Txostenaren arabera, nabarmen egin du gora zaintza partekatuaren ereduak: astebetekoa, hamabostaldikoa, hilabetekoa edo familien premietara erabat egokitutako beste hainbat modalitate. Zaintza partekatua bikote askok hautatzen duten arren, bitartekaritza-akordio gehienetan oraindik ere zaintza esklusiboa izaten da kasu gehienetan, batez ere amari (2016an, kasuen %65etan amari eta %2,5etan aitari).
Bitartekaritzakoen lana ez da akordioa sinatutakoan bukatzen. 2016an, 547 jarraipen-espediente egin zituzten, 2013an baino 86 gehiago. Jarraipen-fasea funtsezkoa da; izan ere, hari esker, posible da jakitea pertsonek zer bilakaera izan duten akordioetan jasotakoari dagokionez, baita prozeduraren gaineko gogobetetzea zein izan den ere.
Iturria: www.euskadi.eus / www.justizia.net