Hasi gara urratsak egiten Tolosako epaitegietan

Hasi gara urratsak egiten Tolosako epaitegietan
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2017-05-19 Auzia Euskaraz!
Blog honetan bertan jakinarazi genizuen moduan, Tolosako barruti judizialeko euskara emaileek bi bilera egin genituen joan den astean, epaitegietako hizkuntza-normalizazioko hainbat gai jorratzeko. 8 lagun elkartu ginen, eta, oro har, otsailean egindako azken bileratik hona eragile bakoitzak bizitakoak azaldu zituen: egindako lana, antzemandako arazoak, izandako zalantzak.
Beste helburu batzuk ere erdietsi diren arren, bi datu dira Tolosako epaitegietan abiarazitako proiektu honen emaitza begi bistakoak: batetik, 2017an epai bat eman da euskaraz, eta, bestetik, euskaraz erregistratutako 4 auzi ari dira izapidetzen une honetan, bat arlo zibilekoa eta 3 zigorrekoak.
Zenbakiak apalak badira ere, emandako pausoa handia da, gure ustez; izan ere, arlo prozesalean euskara erabiltzea ez baita batere ohikoa, eta, horrenbestez, bidea egiten hasi garela esateko moduan gaude. Hala ere, zeregin berriei ekiten diegunean gertatu ohi den bezala, arazo eta oztopoak sortu dira, noski: intzidentziak dokumentu elebidunekin, euskarazko auzien prozedurarekin, itzulpenak bideratzeko moduarekin..
Bada, bileretan partekatutako esperientziei esker eta eragileek proposatutako hobetzekoak aintzat hartuta, arazo zein oztopoak bideratzeko ekintza zuzentzaileak inplementatzen hasiko gara orain. Irailean elkartuko gara hurrena.