Haurduntza subrogatua

Haurduntza subrogatua
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2017-03-03 Auzia Euskaraz!
Zer da?
Laguntza bidezko ugalketa modu bat da, eta kontratu edo hitzarmen bidez egiten da. Guraso izango direnez gain, haurra sabelean haziko duen emakume batek hartzen du parte. Enbrioia intseminazio artifizialaren edo "in vitro" ernalketaren ondorio izan daiteke; gametoak etorkizuneko gurasoenak izan daitezke, edo donazio bidez jasotakoak.
Haurra sabelean haziko duen emakumeak jarduteko erabateko gaitasuna izango du, eta konpromiso atzeraezina hartuko du jaioberria bikoteari ematekoa, eta haiek haurraren guraso izango dira, ondore guztietarako.
Estatuan, horrelako haurduntza kontratuak erabat deusezak dira; horrenbestez, seme-alabatasuna guraso biologikoei dagokie, Laguntza bidezko Giza Ugalketa Teknikei buruzko 14/2006 Legearen arabera. Hala ere, Espainian, praktika horren bidez jaiotako ume baten seme-alabatasuna guraso izan nahi duen bikotearena izan daiteke, baldintza batzuk betez gero.
EAEn berritasunak Euskadiko Administrazio Orokorrarentzat
2017ko otsailaren 14an, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen Euskadiko Administrazio Orokorrarentzat lan egiten duten aitek eta amek, eta amatasunaren subrogazioaren hautua egiten dutenek, baimen-egunak har ditzaketela beren nazioarteko joan-etorrietarako eta beren haurtxoak zaintzeko.
Neurriaren asmoa da adopzioaren, harreraren edo erditzearen hautua egiten dutenen eskubide berberak izatea haurduntza subrogatua hautatzen dutenek, baimenei dagokienez. Aitek eta amek baldintza eta aukera berberak izango dituzte baimenak eskatzerakoan.
Europan zer?
Europan amatasun subrogaturako kasu gutxi onartzen dira. Batetik, Georgia eta Ukraina daude; herrialde horietan erabat normalizaturik dago praktika hori, eta, gainera, kobratu egiten da. Georgian eta Ukrainan haurduntza subrogatu bidez haurra izatea beste herrialde batzuetan baino merkeagoa bada ere, arazoak sortu ohi dira Espainian gurasotasuna legalizatzen saiatzerakoan.
Europar Batasunean, Ingalaterra eta Holandako kasuak ere baditugu. Bi herrialde horietan, haurra sabelean haziko duen emakumeak ezin du kobratu.