Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa abian da
Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa abian da
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2017-02-07 Auzia Euskaraz!
Inauguratu berri da Euskal Herriko Unibertsitatearen Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa, Zuzenbide Fakultatean.Â
Klinika Juridikoaren proiektua giza eskubideen alde eta bazterkeriaren aurka dago konprometituta. Honakoak lortzea du xede: hasteko, Zuzenbide Fakultateko ikasleei ezagutzera ematea bidegabekeria egoera larriak bizi dituzten pertsonen eta taldeen auziak; horrez gainera, auzien analisirako eta juridikoki bideratzeko tresnak sortzea (eskubideen eta alderdi kriminologikoen ingeniaritza), ikasketetan jasotako ezagutzak eta ekimen sozialetan inplikatutako elkarteen eta erakundeen esperientziak bateratuta; bestalde, erreformak planteatzea Zuzenbideko irakaskuntzan eta kriminologiako ikasketetan, botere sistemei buruzko gogoetaren zeharkakotasuna ahalbidetzeko; eta, azkenik, botere publikoek justizia sozialaren arloko politiketan egiten duten lanean laguntzea, esku hartzeko edo hobetzeko arloak iradokita.
Maggy Barrère EHUko irakaslea da proiektuaren zuzendaria. Adierazi du Klinika Juridikoaren abiapuntua inkonformismoa dela. Legelari eredu jakin bat garatzen lagundu nahi omen du proiektu eraldatzaile honek; bidegabekerien aurrean, Zuzenbide zuzenago baten aldeko lana egiteko gune bat izan nahi du, lagunduko duena, batetik, berrikuntza pedagogikoa eta metodologikoa egiten, eta, bestetik, ingurune hurbileko arazoei buruzko gogoeta teoriko eta kritikoa lantzen.
Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren bidez, curriculum nahiz borondatezko praktikak egin ahal izango dituzte EHUko Zuzenbide Fakultateko ikasleek, baita Gradu Amaierako Lana (Zuzenbidean edo Kriminologian) eta Master Amaierako Lana ere.
Inaugurazio ekitaldian hartu zuten parte, besteak beste, Amparo López Antelo, Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioko zuzendariak; Eva Cerón, magistratuak; Idoia Fernández, UPV/EHUren Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordeak; Juana Goizueta, Zuzenbide Fakultateko dekanoa eta Klinika Juridikoaren zuzendari laguntzaileak; Miren Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendariak; MarÃa Luisa Aguirretxe, Arartekoaren aholkulariak, eta hainbat elkartetako ordezkariek.
Iturria: www.ehu.eus