Joan edukira
Aukia euskaraz
  • Facebook
  • Twitter
  • Youtube

MARTXOAK 8: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa aldarrikatzeko eguna

MARTXOAK 8: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa aldarrikatzeko eguna

MARTXOAK 8: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa aldarrikatzeko eguna

egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi), 

2017-03-08 Auzia euskaraz!


Iratxe Osinaga Garate abokatuak Auzia Euskaraz blogerako idatzitako kolaborazio artikulua.

Martxoak 8 ez da bakarrik berdintasun printzipioa aldarrikatzeko egun bat, oraindik lan handia dagoela aurretik gogoratzeko eguna ere bada. Orain arte, berdintasun arloan egin diren ahaleginak asko izan dira, bai nazioarte, bai nazio eta bai Europar Batasun mailan, baina gaur egun esan daiteke berdintasun printzipioa ez dela eraginkortasunez integratu arlo askotan, eta hori ondorioztatzen da azken estatistiketatik: Labour Market (Eurostat), Employment and Social policy indicators (Eurostat), Gender Equality Index 2015. Measuring gender equality in the European Union 2005-2012 Report (EIGE), Gender Equality (OECD) eta Estatistikako Institutu Nazionalak egindako azken estatistikak arlo horretan.

Izan ere, gaur egun milioika emakume mundu osoan bereizkeriaren biktimak dira, eta, horrela, emakume-kondizioari gehitzen zaizkio beste bereizkeriazko faktore batzuk (adibidez; adina, etnia, desgaitasuna edo  egoera sozioekonomikoa).

Europar Batasuneko oinarrietako bat da emakume eta gizonen arteko berdintasuna. Europar Batasunaren Tratatuaren 2. artikuluan adierazten denez, "Batasunak oinarrizko balio ditu gizakiaren duintasunaren begirunea, askatasuna, demokrazia, berdintasuna, zuzenbide-estatua eta giza eskubideen errespetua, gutxiengoetako pertsonen eskubideak ere barnean direla. Estatu kide guztiek erkide dituzte balio horiek, aniztasuna, bereizkeriarik eza, tolerantzia, justizia, elkartasuna eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna ezaugarri dituen gizartearen baitan".

Horiek horrela, hainbat zuzentarau aldarrikatu dira arlo horretan, gure ordenamendu juridikora ekarri direnak, martxoaren 22ko 3/2007, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako Lege Organikoaren bidez. Lege Organikoaren zioen azalpenak zehazten duenez, I. atalean "Printzipio juridiko unibertsala da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, giza eskubideei buruzko nazioarteko hainbat testutan aitortu dena (.). Era berean, berdintasuna Europar Batasuneko oinarrizko eskubidea ere bada. Egin eginean ere, 1999ko maiatzaren 1ean, Amsterdamgo Tratatua indarrean jarri zenetik, Europar Batasunaren eta estatu kideen politika nahiz ekintza guztietara bildu beharreko helburu da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna"" eta II. atalean "Legearen araberako berdintasun formala aitortzea aurrerapauso handia izan da baina ez behar bestekoa. Genero-indarkeriak, alokairu bereizkeriak, alarguntasun-pentsioetan dauden desberdintasunak, emakumeen langabezia-tasa handiagoak, politika-, gizarte-, kultura- eta ekonomia-esparruetako ardura handiko postuetan oraindik ere emakume gutxi izateak edo norberaren bizitza, laneko bizitza eta familia-bizitza uztartzeko arazoek agertzen dute gaur egun oraindik gauzatzeke dagoela, tresna juridiko berrien zain". 

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoan ere 4/2005 Legea, Otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna aldarrikatzen duena. zioen adierazpenean, II. atalean xedatzen denez: "Emakumeek eta gizonek bete izan dituzten roletan aldaketa handiak ari dira gertatzen. (.) Aldaketok ez lirateke posible izango mugimendu feministen funtsezko ekarpenik gabe, ezta anonimatuan emakumeen eskubideen alde lan egin duten emakume horien guztien ahaleginik gabe ere".

Gauzak horrela, martxoak 8 berdintasuna aldarrikatzeko eguna da, baina 4/2005 Legeak zuhurki azaltzen duen bezala "apustua une honetan, zera da, berdintasunerako eskubide hori lege-testuetan formalki aitortua ez ezik, praktikan benetan aplikatua izatea bermatzea", eta horregatik, martxoak 8 helburu hori guztioi gogoratzeko ere bada. 

Iratxe Osinaga Garate abokatua
Partekatzea