Joan edukira
Aukia euskaraz
  • Facebook
  • Twitter
  • Youtube

Sendabide bila

Sendabide bila

Sendabide bila

egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi), 

2017-01-04 Auzia Euskaraz!







Artikulu hau Eider Barrenetxea abokatu eta unibertsitateko irakasleak Auzia Euskaraz-entzat egindako kolaborazioa da.

Abokatutzan jarduteak gaixotasun bereziak eragiten dituena sinisten hasita nago. Pentsatzen jarri eta berehala  bururatu zaizkidanei "izen propioak" eman dizkiet:

1. "Azken unekoa". Bizitzan beti azken momentura arte itxaron behar dela pentsarazten dizunak. Prozedura legeek ematen dituzten epeak errespetatzeko betebeharra barruraino sartuta duzunean eta lanez gainezka egoteari inoiz  uzten ez diozunean agertu ohi da. Gaixotasunaren ondorioz, dena azken unera arte uzten duzun pertsona horietako bat bihurtzen zara eta familiakide eta lagunek -zurekin ofizioa partekatzen ez badute, behintzat- ezin dute ulertu zergatik defendatzen duzun sutsuki azken minutura arte denbora dagoela (bereziki, besteen begietara erabakia hartzeko itxaron beharrik edo atzeratu beharrik ez dagoenean).

2. Daltonismoa. Ikusmen berezia sufritzeko arriskua ere ez da makala. Abokatuak gai gara zuria amorru biziz defendatzeko eta okerreko jesarlekua hartu dugula ohartzean beltzetan beltzena zuriaren gainetik defendatzeko. Zur eta lur geratzen zaizkigu ahaideak gris kolorea ezagutzen ez dugula ikustean. Erdibideak, grisak alegia, epaileen esku uzten ote ditugun galdetzen diot nire buruari.

3. Somatizazioa. Hiruretan larriena aurrekoak estresarekin nahastean sortzen direnak dira: bihotzekoak, depresioak, minbizia.Lankideen artean nahi baino sarriago bizitakoak. Gaixotasun hauek, ezinegonak, urteetan besteen istorioak "irensten" emandako denborak, horiek kanporatzeko ezintasunak eta "garbiketa mentala" egiteko ohitura faltak ekarritakoak direla esango nuke.

Hamaika aldiz aholkatu diet bezeroei psikologoarenera joatea. Gure lanbidean, ordea, horiengana jotzea ez da begi onez ikusten eta, beraz, "zoratu" nahi ez dugunok (ba al dago burutik guztiz sano dagoenik? Eta hori ez al da aspergarriegia?) bestelako irtenbideak topatu behar izaten ditugu. Ikusgarrienetik xumeenera, denak dira baliagarri: oporrak leku exotikoetan ematea, kirola arnasik gabe geratu arte praktikatzea (sexua barne), lagun arteko parranda amaigabeak egitea, inongo justifikaziorik gabe ondokoari errieta egitea.Argi dago batzuk beste batzuk baino gomendagarriagoak direla baina.euskaldunak beti euskaldun!

Azken urteotan dantza egitea izan da nik topatutako ihesbidea. Pentsamendurik ez. Gorputza bere onena ematen. Eta saioa amaitzean. lotu ezineko irribarrea aurpegian. Aiiii, dantza gehiago egingo bagenu.! Olatuen gorabehera jarraitzea baino ez da;  aske sentitzeko desioa. Korapilo zaharrak laztandu eta hegaz ipintzeko ordua.

Eta abokatutza, zoramena eta desioa orrialde berdinean irakurtzean, aldaketa hitza datorkit burura, ezinbestean. Eskizofrenia juridikoari sendabidea emateko beharra. Lagun baten lagunak zuzenbideak dakarkigun zoramena lausotzeko, sendatzeko edo, Klinika Juridikoa sortu omen du. Unibertsitatean irakasten dugun oro berraztertu eta benetako justiziaren begiez ikusten ikas dezaten bihar-etziko abokatu eta juristek.

Jakin badakit gaurdaino heldutakoen biziraupena jokoan balitz, klinikak nekez egingo lukeela aurrera. Ziur aski, orain arte gainditutako oztopoak ere ez dira gutxi izan. Nire animorik handiena zuoi. Dagoeneko nire egunerokotasunerako inspirazio bilakatu zarete. Zuriari zuri deituko diozue eta grisari gris. Beltzik ez dizuet opa. Eutsi tinko, merezi du eta!

Partekatzea