E-toolbar tresna informatikoa
E-toolbar tresna informatikoa
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2014-09-05 Auzia Euskaraz!
E-toolbar izena lehen aldiz irakurri duzuenontzat, labur esanda, arlo juridikoan jarduten dutenei euskaraz lan egiteko laguntza tresna bat da e-toolbarra. Beheko lerrootan azalduko dugu zehatzago e-toolbarra zer den, bai eta tresnarekin lotutako azken gorabeherak ere.
E-toolbarrak eskaintzen dituen aukerak
Besteak beste, itzulpenak egiten laguntzeko itzulpen memoria bat eskaintzen du tresnak. Memoria horretan, epaitegietako dokumentuetako testuak, lege testuak, epaiak eta epaitzak, epaitegietako errotulazioa eta abar daude bilduta, hain zuzen, arlo juridikoan argitaratutako testu elebidun ia guztiak. Guztira, 300.000 itzulpen unitate baino gehiago ditu une honetan, eta corpus berria sortu ahala memoria eguneratu eta osatu egiten dugu.
Bestalde, euskara egoki erabiltzeko gomendio eta arau bilduma ere badu (900 baino gehiago) eta tartean arlo juridikoan euskara zuzen erabiltzeko edukiak ere baditu.
Tresna epaitegietan
2012ko irailetik EAEko epaitegi guztietako langileek tresna hori erabiltzeko aukera dute. Horrez gainera, irailetik aurrera langileak tresnaren erabileran trebatzeko ikastaro batzuk antolatuko ditugu, ahalik eta probetxu handiena ateratzeko baliabide horri.
Abokatu eta prokuradoreen e-toolbarra
2014ko otsailetik EAEko abokatu zein prokuradore euskaldunen bulegoetan haientzat bereziki garatutako e-toolbar tresna instalatzen aritu gara. Guztira 90 bulegotan baino gehiagotan instalatu dugu dagoeneko.
Abokatu eta prokuradoreen bertsioan, itzulpen memoriaz eta hizkuntza gomendioez aparte, abokatu eta prokuradoreen formularioak dituzte eskuragarri euskaraz eta elebidun. Arlo zibilean 41 formulario dituzte, instrukzioan 30, administrazioarekiko auzietan 20, adingabeen auzietan 12 eta lan arloa 25. Formularioak hizkuntza eta lege aldetik eguneratzen ari gara, eta aurki formulario berri multzo bat kargatzeko moduan izango gara.
Hobekuntzak eta egokitzapenak
Tresnak etorkizunean izango dituen hobekuntzen artean legeen atala txertatzearena dago. Legeak oinarrizko lan tresna dira arlo juridikoan jarduten dutenentzat, eta hori dela-eta, euskarazko legedia kontsultatzeko aukera gehituko diogu.
Kontsultarako tresna hori ahalik eta erabilgarrien egiteko helburuarekin, abokatu eta prokuradoreen iritziak eta aholkularitza jasotzen ari gara zeregin horretan. Horrekin batera, euskarazko legeria eguneratzeko lanetan ere bagabiltza, testu kontsolidatuak sortzen; Prozedura Zibilaren Legea lantzen ari gara une hauetan.
Azkenik, hurrengo erronketako bat da auzietan parte hartzen duten talde bakoitzarentzat egokitutako bertsioak sortzea: epaileen e-toolbarra, idazkari judizialena, fiskalena.
Informazio gehiago
Beheko loturetan aurreko hileetan e-toolbarrarekin lotuta argitaratu ditugun albisteak: